[Gutuna] Gutuna isolamendura

Ekaitz Aramendi 2017ko mai. 31a, 14:42

Aupa Txikito! Zer moduz zaude? Betiko galdera inozoa. Aurrekoan ikusi nuen zure aitaren eskela. Animo eta jaso nire besarkadarik sentikorrena.

Ezagutu ginenetik ez zaitut burutik kendu, oker ez banaiz, 18 urte egin zenituen espetxean; Salto del Negro, gose eta egarri grebak… Garai latzak! Kalera irten eta ez dut uste bi urte iraun zenituenik kalean, etxekoak bisitatu eta zure borroka gose ase ezin horretan ezagutu ginen. Hori nire plazera! Ederki jotzen zenidaten adarra kar, kar, kar… baina esku pilotan ni txapeldun! Errebantxa emango dizut, baina egia esan martxa honetan ez dakit non eta noiz jokatuko dugun egiteko dugun partida hori. Lehen fasean sartu zaituztela irakurri dut, isolamenduan, bakar bakarrik, ziegatik atera ezinik eta espetxezainez inguraturik, animo Txikito!
Gose grebari ekin diozula irakurri dut, eta egia esan ez nau harritu. Zaindu zaitez, eta batez ere, buru hori. Argi dago espetxeak presoak suntsitzeko daudela, beraz, zaindu hadi! Badakit haizea hartzera bidaliko nauzula, baina zer esango dizut ba nire barrenak estuturik baldin badaude.  

Ikaragarri maite zaitugu eta horregatik ekainaren 24an Bilboko kaleetara joango gara amnistia eskatzera. Zu eta zu bezalako preso politiko asko, ez soilik euskal presoak, baizik eta estatu espainiar zein mundu osoko preso politiko guztientzat amnistia eskatzera; maite zaituztegulako askatasuna eskatuko dugu Bilboko kaleetan.

Bilbon ikusiko garelakoan animo eta eutsi gogor!
Osasuna eta Askatasuna!
Zaindu hadi!

Ekaitz Aramendi, Ibarra.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!