«Duela bi urteko arantza kendu arte ez naiz lasai geldituko»

Asier Imaz 2017ko mai. 31a, 10:53

Zegama Aizkorri Mendi Maratoia bost ordutik behera egin nahi zuen Goar Lopetegik (Ibarra, 1994). Ibartarra ofizioz fisioterapeuta da, eta afizioz, mendi lasterkaria. Huescan mendi maratoi erdia irabazi ondoren, igandeko lasterketara indartsu iritsi zen ibartarra. 4 ordu eta 47 minutuan amaitu zuen Zegama Aizkorri, hasiera batean jarritako helburua betez.

Orain, Tolosaldeko tontorren txanda da; barruan duen arantza bat kentzeko baliagarria. Ataria Irratiko Eutsi goiari! kirol saioan, Beñat Azaldegi lagun tolosarrarekin hitz egin du Goar Lopetegik bere ibilbideko lehen garaipenaz, eta oro har, mendi lasterketez.

Maiatzaren 13an zure ibilbideko lehen garaipena lortu zenuen Boltañan, Huescan. ‘O Viento Rondador’ maratoi erdia irabazi zenuen.
Esperientzia oso ona izan zen. Pirinio inguruetan badira maila hain altua ez duten lasterketak, eta euskaldunak joaten direnean, sailkapen nagusian emaitza onak lortzen dituzte. Normalean, mendi lasterketetan euskal ordezkariak oso indartsu ibiltzen dira, eta Boltañan hori ikusi zen. Maratoi erdiaz gain maratoia zegoen, eta hor bi euskaldun izan ziren lehen sailkatuak: Jokin Garaiek irabazi zuen, eta Mikel Etxeberria berarekin iritsi zen, parean.

Nolako lasterketa egin zenuen?
Indartsu hasi nintzen, agian indartsuegi. Askotan, ingurura begiratu eta urduritasuna sortzen zaizu; horregatik erritmo indartsu batekin ateratzen zara. Lehen bost edo sei kilometroak korri egitekoak ziren, eta atzera begiratzen nuenean gertu sentitzen nituenez, korri egiteari ezin nion utzi, harrapatua izateko beldurrez. Lehen zati horren ondoren aldapa etorri zen, eta hor oinez hasi nintzen, gorputzari buelta emateko eta jaitsieran berriro egurra emateko.

Atzetik sumatzen zenituela esan duzu, baina amaieran, bigarrenari 7 minutu atera zenizkion. Zuk lasterketa bi ordu eta 18 minutuan amaitu zenuen.
Igoeran ere atzean sumatzen nituen, denbora guztian ikusteko moduan gainera. Gero jaitsiera etorri zen eta abantaila ateratzea lortu nuen, ero moduan jaitsiz.

Zure lehen garaipena. Indarra ematen duen horietakoa, ezta?
Bai, asko laguntzen du. Gogor entrenatzen jarraitzeko gogoa eta indarra ematen dituen horietakoa.
Lehen aipatu duzu maratoi erdiaz gain, maratoia ere korritu zela ‘O Viento Rondador’ proba horretan.

Zergatik aukeratu zenuen erdia egitea?
Zegama Aizkorri gainean genuelako, eta ondo deskantsatuta iritsi nahi nuen igande honetako probara. Ez nuen lasterketa indartsu bat sartu nahi maratoi honen aurretik. Egia da maratoia egin eta Zegamara indartsu iristeko aukera ere bazegoela, baina badaezpada ez nuen arriskatu nahi, eta jokaldia ondo atera zitzaidala uste dut.

Zegama Aizkorri, zure urteko helburu nagusia?
Bai, eta bertan denbora ona egitea, bost ordutik jaitsiz. Hala eta guztiz ere ez nuen itsutu nahi horrekin, eta beste lasterketei ez diet garrantzirik kendu. Fisioterapeuta ikasketak amaituta, osteopatia ikasten ari naiz, eta horrek, denbora partekatzea ekartzen du, ikasketak eta mendi lasterketak uztartuz. Horregatik, lasterketa gutxiago egiten ari naizenez, guztiak hartu nahi ditut kontuan.

Hurrengoa eskualdean bertan izango da, Tolosaldeko 3 Tontorrak edo Tolosaldeko 2 Tontorrak. Zein aukeratu duzu?
T3T-n aterako naiz. Iaz ez nintzen atera, graduazioa nuelako, baina bai duela bi urte. Ez nuen oso lasterketa ona egin, indartsuegi hasi eta Iruran arazoak izan nituelako. Egindako denbora hori hobetzeko gaitasuna badudala uste dut, eta ea lortzen dudan.

Txakalaldi handia izan al zenuen?
Bai. Koinatuarekin atera nintzen, Iban Agirrezabalarekin. Hain justu, orain bera daukat entrenatzaile bezala, eta berari esker egiten ari naiz denboraldi hau. Kontua da, urte hartan berari segika atera nintzela, berotuta. Azkenean, bururik gabe jokatzen duzunean horrelako gauzak gertatzen dira. Iruratik Uzturrerako maldan jota geratu nintzen. Berriro Irurara jaitsi eta lasterketa uztekotan egon nintzen. Nire aita parte hartzaileen artean zegoenez, bere zain geratu nintzen eta berarekin jarraitu nuen. Gero bera kalanbreekin erretiratu beharrean izan zen, eta azkenean bakarrik bukatu nuen proba.

Nolako mendi maratoia da T3T?
Tolosatik hasi eta Hernio igotzen da, tarteko tontor guztiak harrapatuz. Hortik aurrera Alkizarako jaitsiera luzea dago. Korri egiteko tarte onak daude, nahiz eta hasieran, Zelatunerako jaitsiera gogorra eta arriskutsua den; teknikoa. Gero, Iruratik Uzturrerako igoera dago; aldapa gogorra. Hortik aurrera Elduainera, eta korri egiteko zelai dezente dago tarte horretan. Azkenik, Erroizpeko malda dago, beste igoera indartsu bat. Ondoren Tolosara iristen zara, gogo handiarekin.  

Ekainaren 18an izango da lasterketa. Ikusleek ere animatzera joateko aukera polita dute.
Animatzeaz gain T2T-rekin parte hartzeko aukera polita jarri diete. Proba irekia izango da, denbora eperik gabea, eta ibilbidea oso polita da. 25 kilometro lasai egiteko aukera egongo da.

Huescan maratoi erdia irabazi zenuela kontuan hartuta, T2T irabazteko aukera ere hor zegoen. Zalantzarik ez al dizu sortu horrek?
Ez dakit zeintzuk agertuko diren T2T-ra, baina nik argi dut T3T egin behar dudala. Duela bi urteko arantza hor daukat, eta hori kendu arte ez naiz lasai geldituko.

Noiz eman zizun mendi lasterketen sukarrak?
Nahiko berandu hasi nintzen korrika, 19 urterekin edo. Mendia, ordea, betidanik gustatu izan zait. Txikitatik beti ikusi izan ditut aita eta bi osaba XIV. Orduak egiten. Beti ikustera joaten ginen, eta afizioa sartzen joaten zaizu. Nik ere atera egin nahi nuen, eta aitari behin baino gehiagotan esan ondoren, azkenean, 14 urterekin egin nuen lehen aldiz. Hortik aurrera, mendiarekiko lotura hori handitzen bakarrik joan da.

Erlazionatuak

Eutsi goiari! Goar Lopetegi

Tolosaldeko Ataria 2017 mai 26 Ibarra

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!