Gustura egindako lanaren fruitua

Maier Ugartemendia 2017ko mai. 30a, 21:00
Eli Nosellas, Lurdes Ulazia eta Larraitz Irure

Hogeita hamalau urtez izan du denda baten ardura Lurdes Ulaziak, azken hogei urteetan Lurdes liburu dendarena; urteetako lanaren ondoren, erretiroa hartuko du bihar.

Bere lana oso gustuko du Lurdes Ulaziak. Lanean gozatu egiten du, eta hori nabari egiten zaio bere lanari buruzko azalpenak ematen dituenean, begiek dirdira berezia egiten baitiote. Hogeita hamalau urte daramatza liburu dendaren ardura izaten, azken hogei urteak Ibarrako Euskal Herria kaleko Lurdes liburu dendan, eta bertan sartu-irten ugari eginak dira ibartarrak eta baita inguruko herritarrak ere. Orain erretiroa hartzeko ordua iritsi zaio. Bihar du azken lan eguna. Geldirik egotekoa ez denez, orain datorkion garaiaz gozatzea gustatuko litzaioke Ulaziari.

Duela hogeita hamalau urte Lurdes Ulaziak lan egiten zuen enpresa itxi, eta lan kontua oso ondo ez zegoela eta «zer edo zer» egin behar zuela eta eskualdatzeko zegoen Añi liburu denda hartzea erabaki zuen. Betidanik «arreta» deitu izan zioten liburu dendek eta mertzeriek Ulaziari: «Iruditzen zitzaidan gustatuko litzaidakeen lan bat izango zela».

Behin ere ez zen salmahai baten atzean egon, baina bere buruarekiko «konfiantza» zuen. Hasieran «gauza gutxi» saltzen hasi zela du gogoan Ulaziak: egunkaria, ogia... Orduan, igandetan ere zabaltzen zuen denda, eta «ordu pila bat» sartu behar izaten zituen. Baina, «poliki-poliki martxa hartzen» joan zen, eta baitan dendan «gauza gehiago» sartzen ere. Hamalau urte Añi liburu dendan pasata, lokalaren nagusiek alokatua zuen lokala behar zutela esan zioten, eta orduan egin zuen salto azken urte hauetan hain ezaguna egin den Euskal Herria kaleko lokalera. Lehen ere liburu denda bat egona zen bertan eta saltzeko zegoenez, erostera «animatu» zen Ulazia. Jada Lurdes liburu denda izenarekin.
Liburu dendako materialaz gain, egunerokotasunean behar izaten diren mertzeriako gauzak ere saltzea erabaki zuen Ulaziak bere dendan.


Lanarekiko pasioa
Urte guzti horietan lanean «oso gustura» aritu dela dio Ulaziak, bere lanean «asko disfrutatu» duela: «Behin ere ez naiz aspertuta edo nazkatuta joan etxera lanetik». Horregatik, erretiroa hartutakoan lana «faltan» botako duela dio.Gustuko lanean lan egiteagatik «zorte handia» izan duela dio. Gainera, bizitzako «ordu gehienak» bertan pasa ditu eta pasatzen ditu, hortaz, ia ezinbestekoa da lana gustuko izatea.
Urte guzti horietan pasioz egindako lanaren ondorioz, inor gutxi izango da Ibarran liburudendako Lurdes ezagutzen ez duenik. Bi edo hiru jenerazio igaro dira jada bere dendatik: «Lehen umeak zirenak, orain guraso dira eta bere umetxoekin etortzen dira». Izan ere, bere dendan sartu irtenean bereziki gurasoak eta haurrak ibili izan dira.

Bezeroekin familia bat
Azken hogeita hamalau urteetan dendan aldaketak izan direla dio Ulaziak: «Lehen era bateko gauzak saltzen ziren gehiago eta orain beste batzuk». Baina, «aldaketa handirik» ez duela sumatu dio. Bezeroengan ere ez du aldaketa handirik sumatu. Gehienak «oso bezero jatorrak» direla dio, eta «inoiz» ez duela «inorekin» arazorik izan. Hainbeste urteren ondorioz, «familia bat bezala» osatu dutela uste du Ulaziak. Horregatik guztiagatik, «oso kontentu» dago.

Gainera, oso ondo zaintzen ditu bezeroak Ulaziak, eskatzen diotena dendan ez badu ekartzen ere saiatzen delako.
Bezeroen kopuruan ez du aldaketa handirik sumatu azken urteetan; berarentzako aldaketa nagusia beherago zuen lokaletik Euskal Herrira kalekora salto egitea izan zen: «Lokal bezala komodoagoa da niretzat, baita bezeroentzat ere. Horrekin irabazi egin dut».

Eskualdatzearen eguna
Bihar du azken lan eguna Ulaziak, erretiroa hartuko du eta  eguna «gehiegiko garrantzirik gabe», normaltasunez, bizitzen saiatuko da.

Aurrera begira, ez du geldirik egoteko asmorik: «Nik uste bilatuko dudala zer egina, eta entretenituko naizela. Beti gustatu izan zait egoeretara moldatzea eta nik uste hona ere moldatuko naizela». Berarentzat denbora hartu eta «gauza asko» egitea gustatuko litzaioke.
Hainbeste urtetan komertzio txiki bateko ardura beregain izanda, etorkizunean merkataritza txikia nola ikusten duen galdetuta, uste du «aurrera» egin dezakeela.

Ibarrako Merkatarien Elkartea sortu zela ere urte batzuk badira eta horrek ere «laguntza handia» eman diela uste du. Bezeroak eskatzen duenari «argi» egon behar dela uste du, baina bizimodua ateratzeko etorkizuna baduela behintzat ikusten du. «Lan orduak» eskatzen dituen arren, «lan polita» da merkatariarena Ulaziaren ustez.
Gainera, herri baterako merkataritza txikia beharrezkoa dela uste du: «Herri bati bizi handia ematen dio.

Eskerrak
Lurdes Ulaziak oso eskertua sentitzen da urte guzti horietan inguruan izan dituen bezero, merkatari eta lankideengatik. Horregatik, «eskerrak» eman nahi dizkie bezeroei «urte guzti hauetan emandako laguntzagatik, hor egoteagatik eta hain ondo portatzeagatik».

Eskerrak eman nahi dizkio bere lankide izan den Eli Nosellasi «beti laguntzeko prest dagoelako eta zoragarria izan delako berarekin lan egitea». Eta azkenik, eskerrak inguruko merkatariei «beti laguntzeko prest egon direlako eta daukagun giro onagatik».

Bestalde, denda eskualdatu ondoren, ardura Larraitz Irure beasaindarrak hartuko duenez «zorte ona opa» nahi dio Lurdes Ulaziak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!