200 herritarren konpromisoa

Rebeka Calvo Gonzalez 2017ko maiatzaren 26a

Gaur amaituko da ‘I barra-barra Euskaraz’ ekimena; amaiera festa Beko Bideko plazan egingo dute.

Ez dira gutxi izan I barra-barra Euskaraz egitasmoarekin bat egin duten ibartarrak.
Antolatzaileek esan dutenez, 200 bat herritarrek hartu dute bi astez euskaldunekin euskara hutsean egiteko konpromisoa eta pozik daude jasotako harrerarekin. Hori dela eta, amaiera festa bat ere egingo dute gaur, 18:30etik aurrera.

Beko Bideko plazan elkartuko dira eta bertan, ekimenean parte hartu dutenek egun hauetan izandako esperientziekin betetako egunerokoa entregatu beharko diete, izan ere, egitasmoko sustatzaileek iritzi horiek guztiak bildu nahi dituzte aurrera begira lanean jarraitu ahal izateko.
Era berean, gaurko festara egitasmoko ikur izan den txapa soinean eramateko eskatu dute.
I barra-barra Euskaraz egitasmoaren helburua euskaraz bizitzea da eta beraz, bihar Tolosan egingo den Arnastu Euskaraz kanpainarekin bat egiteko ere eskatu diete ibartarrei. Alde Zaharrean egingo den lipdubean ibartarrek Errementari eta Letxuga kaleen arteko zatian egin beharko dute dantza eta 11:45ean jarri dute hitzordua. Hori dela eta, denak batera joateko, 11:15ean elkartuko dira herri sarreran.

Egitaraua

Gaur, maiatzak 26

  • 18:15. Kalejira trikitilariekin, plazatik hasi eta Beko Bideko plazara bitarte.
  • 18:30. I barra-barra Euskaraz ekimeneko amaiera festa, Beko Bideko plazan.

Bihar, maiatzak 27

  • 11:15. Ibarrako sarreran elkartuko dira Tolosako lipdubera joateko.
  • 11:15. Lipduba Errementari eta Letxuga kaleen artean.
  • 22:00. Alurr dantza taldearen Maruxak, sorginkeriaren sorterri  emanaldi berria, plazan.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!