Lizun, bihurri, izan aske, izan sorgin

Rebeka Calvo Gonzalez 2017ko mai. 22a, 12:00
Saioa Etxegia eta Ane Zubiria.

Alurr dantza taldeak Maruxak, sorginkeriaren sorterri ikuskizunaren aurrestreinaldia egingo du herrian bertan, larunbatean, hilak 27.

Areto itxietatik atera eta kalea hartuko dute Alurr dantza taldeko dantzariek ikuskizun berriarekin. Aurrestreinaldia Ibarran bertan eskainiko dute, plazan, eta oraingoan ere sorginen inguruan egingo dute dantza, asmoa, baina, harago joatea da. «Pertsona askeak irudikatu nahi ditugu», esan du Saioa Etxegia (Ibarra, 1999) dantzariak.

Taldeko bi talderen artean sortu dute Maruxak, sorginkeriaren sorterri, Erronka eta Errota. «Garai bateko emakumeei otzanak izatea leporatzen zaie eta ideia horri tiraka hasi ginen. Sorginen irudia hartu genuen, baina ez sorginak berak interpretatzeko, baizik eta pertsona askeak», esan du Etxegiak.

Emanaldirako bitan banatu dira, garai bateko pertsona elizkoiak irudikatuko dituzte batetik, hau da «etxera begirakoak», eta kanpora begira zeudenak, emakume askeak, bestetik.

Pertsona askeei egingo diete gorazarre hortaz, eta hauek sorginei lotzea, garai bateko sinesmenetatik dator, izan ere, «pertsona liberalak, elizaren patroietatik ihes egiten zutenak, sorginkeriarekin lotzen zituzten, zerbait txarra izango balitz bezala, guk kutsu hori kendu nahi izan diogu», nabarmendu du Etxegiak. Emanaldia bi taldeak bat eginik hasiko dute, baina «segituan ikusiko dira bien arteko desberdintasunak eta banatu egingo gara», esan du beste dantzarietako batek, Ane Zubiriak (Ibarra, 2000). Errota taldekoek maruxen edo emakume askeen papera beteko dute eta Erronkakoek elizkoiena.

Bi taldeetako dantzarientzat esperientzia berria da honakoa. «Dantzak asko landu ditugu eta orain arte beste erritmo batean ibili gara. Lan asko egin dugu, dantza bera baino gehiago dago emanaldiaren atzean; taula gainean nola egon, nola sartu...», esan du Zubiriak. Alurrek prestatzen dituen emanaldien atzean dantzak baino gehiago egoten baita, interpretazioak ere zama handia izaten du.

Herritarrei aske izateko gonbita luzatuko dio Alurrek dantzen bidez eta esaldi batean ere bildu dute: Izan aske, izan bihurri, izan sorgin. Aska ezazu gurekin batera irrintzi hori.

Maruxa, sorginkeriaren sorterri-k ordu eta erdiko iraupena izango du eta askotariko musika aukeratu dute, tradizionalagoa eta «modernoagoa».

Dantzak egiteko bi taldeetako irakasleekin aritu dira; Aiert Beobide, Iñaki Agirre, Goreti Galarraga eta Alazne Senperena, nahiz eta Beobide eta Agirrek egin dituzten zuzendari lanak.

Emanaldian ezustekoak egongo direla ere aurreratu dute. «Ez dugu gehiegi aurreratu nahi, baina Ibarran orain urte batzuk egindako Sua filmak ere izango du bere tartea», esan du Etxegiak. Dantza taldea izaki, dantzek izango dute protagonismoa, baina istorioa ulertzen laguntzeko hainbat irudi eta esaldi baliatuko dituzte. «Esaldiak Jagoba Astiazaran taldeko musikari eta konposatzailearenak, Joxean Artze idazlearenak eta Anerenak (Etxegia) dira», esan du taldeko Eli Nosellasek.

Jantziek ere garrantzia handia izango dute, Sua ikuskizuneko jantziak moldatu ditu Ramon Garcia diseinatzaileak.

 

MARUXAK, SORGINKERIAREN SORTERRI

 

MAIATZAK 27, LARUNBATA

  • 22:00. Plazan egingo dute, doan. Euria eginez gero, aterpean eskainiko dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!