"Ikerketan aritzea ez da lana, bizitzeko modu bat baizik"

Iñigo Terradillos 2017ko mai. 22a, 08:02

Iñigo Lasa biologoak dio ikerketan dirua jartzeagatik direla lurraldeak aberatsak, eta gizartearen ikuspegia aldatu egin behar dela; ingeniaritza genetikoan irakasten nahiz ikertzen ari da azken urteotan.

kerketari eskainitako bizitza da Iñigo Lasarena (Ibarra, 1965). Miguel Servet-Navarrabiomed osasun ikerketarako zentroko zuzendaria da, 1998tik irakasle lanetan ari da mikrobiologia arloan, eta 2008tik katedraduna da Nafarroako Unibertsitate Publikoan. Ikerlari nagusi izan da ikerketa askotan, eta publikazio ugari izan ditu zientzia aldizkarietan.

Zergatik erabaki zenuen alor horretan espezializatzea?

Ikasketak amaitu nituenean, gauza berria zen ingeniaritza genetikoa. Madrilen bazen biologia molekularraren zentro bat, eta hara joan nintzen tesina egitera. Segituan erakarri ninduen, eta ingeniaritza genetikoa lantzen aritu naiz ordutik.

Irakasle ez ezik, ikerlari moduan ere aritu zara Europako hainbat proiektutan.

Proiektuak aurkezten ditugu, eta bakoitzak helburu bat izaten du. Esaterako, aztertzea zer gauza behar dituen bakterio kaltegarri batek protesi baten gainean bizitzeko. Batzuetan, infekzioak sor daitezke, eta horregatik izan daiteke garrantzitsua proiektu hori.

Nazioarteko zientzia aldizkarietan 90 publikazio baino gehiago izan dituzu.

Artikuluak idazten ditugu ikerketa azalduz, eta aldizkarietara bidaltzen ditugu gero. Aldizkariek ikerlariei bidaltzen dizkiete artikuluak eurek kritika egin diezaieten, eta, kritikak onak badira, publikatu egiten dituzte. Garrantzi berezia du publikatu den aldizkariaren sonak eta horrek duen zabalkundeak. Gure publikazio batzuek arrakasta izan dute, eta horrek esan nahi du besteentzat baliagarri izan direla. Pozgarria da hori.

Nondik ateratzen duzu denbora zeregin guztietarako?

Ikerketan aritzea ez da lana, bizitzeko modu bat baizik, eta ni oso gustura sentitzen naiz. Hori bai, lehiakortasun izugarria dago alor honetan, eta gainerako ikerlariak ere prest egoten dira 24 orduz lanean aritzeko. Kontua da beste norbait lehenago iristen bada zuk ondoren esaten duzunak ez duela izango hainbesteko garrantzirik.

Zer ikerketarekin ari zarete orain?

Infekzioak sortzen dituen bakterio batekin ari gara lanean. Askok daramagu bakterioa sudurreko azalean, eta hor ez da izaten arazorik. Baina, odolera pasatzen bada, hainbat infekzio mota sor ditzake. Non dagoen jabetzeko sistema batzuk izan behar ditu bakterio horrek, eta ingeniaritza genetikoaren bidez jakin nahi dugu zer gertatzen zaion bakterioari begiak, belarriak edo sudurra kenduz gero. Antibiotiko bat sortzeko prozesua izan daiteke.

Zein da parte hartu duzun ikerketarik garrantzitsuena?

Ez da erraza aukeratzea. Denborarekin ikusten da zerk izan duen garrantzi handiagoa, ikerketan zehar ez baitakizu zer ondorio izango duen. Bat aukeratu beharko banu, transkripzioari buruz egindakoa aukeratuko nuke. Bakterioek erabiltzen duten errezeta irakurtzeko moduarekin lotuta dago prozesu hori.

Une honetan zer deskubritzea litzateke ikaragarria?

Pertsona baten genoma ezagutzeak izango duen ondorioa jakitea da gauzarik handienetakoa. Orain arte ez zen posible pertsona baten eta zelula baten genoma edo errezeta osorik ezagutzea, baina, gaur egun, teknikoki egin dezakegu. Pertsona baten genoma osoa jakin daiteke 1.500 euroren truke. Informazio hori ezagutzen dugunean, orduan has gaitezke aztertzen izandako gaitzak, tratamenduak jartzerakoan gorputzak izan duen erantzuna… Beste medikuntza mota bat jorra dezakegu hori guztia ezagutzean, medikuntza pertsonalizatua deiturikoa; pertsona bakoitzarentzat tratamendu bereziak izango dira. Gaur egun, normalean, tratamendu berbera izaten da denentzat gaixotasunei aurre egiteko. Genomarekin, ordea, erabat aldatuko da medikuntza hemendik 5-10 urtera.

Argi dago amaigabea dela lana.

Gaixotasun asko desagertzea lortu dugu ikerketaren ondorioz, eta, beraz, izugarri aurreratu dugu. Baina, oraindik ere, asko dago ikertzeko. Hori bai, batzuetan onartu beharra dago ez dagoela sendabiderik edo tratamendurik eritasunei aurre egiteko.

Ikerketa batzuk besteak baino gehiago bultzatzen dira duten interesaren arabera, ezta?

Hori horrela da, zoritxarrez. Farmazia enpresek dirua egitea dute xede. Diru gutxi ematen du gaixo gutxi dituen gaixotasunak. Enpresek ez badute bultzatzen gaixotasun horietarako ikerketarik, gobernuek bultzatu beharko lukete. Izan ere, gaitz arraroa izan daiteke pertsona gutxik dutelako, baina, duenarentzat, sendabidea izatea da garrantzitsuena.

Nabaria da medikuntzan aurrerapausoak eman direla, baina badirudi kasu batzuetan gehiago begiratu zaiola bizitza luzatzeari bizi kalitateari baino.

Ikerketarekin baino gehiago, etikarekin du lotura horrek. Ikaragarri aurreratu da medikuntzan, baina egia da kasu batzuetan ez duela zentzurik pertsona baten bizitza arnasa hartze hutsarekin luzatzeak. Dena den, gaur egun edozein pertsonaren bizi kalitatea duela 50 urte genuena baino hobea dela konturatu behar dugu.

Ikerketarako nahikoa baliabide jartzen al da eskura?

Egia da dirua inoiz ez dela nahikoa. Bestalde, gizartearen arazoa ere badela esango nuke. Askotan iruditzen zait gizarteak ez duela konfiantzarik gure ikerketan. Ikuspegi hori aldatu egin behar da. Pentsatu behar duguna da herrialde aberatsek ikerketan diru asko ez dutela jartzen aberatsak direlako, baizik eta ikerketan dirua jarri dutelako direla aberatsak. Gizarteak ikuspegi hori aldatzen badu, gobernuak ere aldatuko du. Beharrezkoa da ikerketa.

Askotan egokitzen al zaizu zure lana azaldu behar izatea?

Bai. Nire lana zergatik ez den sekula amaitzen azaltzea da zailena. Familian ohitu dira, baina ez dakit ulertzen duten. Denbora osoko lana da gurea, poz handia sortzen duena; nire kasuan, ez nau aspertzen inoiz.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!