Sistema berria, gertuago

Rebeka Calvo Gonzalez 2017ko mai. 19a, 15:07

Datorren astean hasiko dira hiri-hondakinak biltzeko sistema berria ezartzen, baina lanak hasiak dituzte jada. Udaleko kideak Bekobideko lokalean zeuden gaur goizean, organikoa eta errefusa botatzeko edukiontzien txipak banatzen. Gaur 21:00ak arte egongo dira horretan, eta bihar, 10:00etatik 13:00etara.

Herritar asko pasa dira jada, Bekobideko lokaletik edukiontziak irekitzeko txipa hartzera. Gaur arratsaldean eta bihar goizean aukera izango dute oraindik, eta ezin dutenek, datorren astean hartu ahal izango dituzte, udaletxeko Ingurumen sailean. Bertan eskatu behar da ere, pixoihalak egunero bota ahal izateko txipa aktibatzea.

Ainhoa Alonso Ingurumen teknikariak azaldu duenez, martxa onean ari dira txartelak banatzen. "Herritarrak pixkanaka-pixkanaka ari dira etortzen. Datorren astean ere izango dute aukera, dena den. Sistema berriarekin astelehenean hasiko gara eta jada ari gara dena lotzen. Orain arte erabilitako kuboak ere datorren astean bilduko ditugu. Herritarrek etxean uzteko aukera dute, baina itzuli nahi izanez gero, astearte gauean utzi beharko dituzte zintzilikarioetan, eta goizean bilduko ditugu", esan du.

 

Txartela jasotzera gerturatu diren herritarrek txiparekin eta azalpenak biltzen dituen orri batekin batera, organikoa bota ahal izateko poltsak ere jaso dituzte. Poltsa hauek konpostagarriak dira, eta organikoa hauetan bota behar da. Aurrerantzean, dena den, Euskal Herria kaleko 18. zenbakian jarriko duten makinean hartu beharko dituzte, txipa erabilita.

 

Teknikariak esan du udalean kontentu daudela orain arte izan dituzten birziklapen datuekin, eta aurrerantzean datu horiek mantendu edo hobetu nahi dituztela. Horregatik hautatu dute txip bidezko sistema, derrigorrezkoa alegia. "Udalak birziklatzearen alde egiten du eta horregatik birziklatzen ez duten herritarrek isunak jasoko dituzte", nabarmendu du. Jarraipen batzordea abiarazi du udalak eta sistema berriak ematen dituen datuen jarraipena egingo dute.

Arau-hauste oso larriek 450,50 euro eta 45.000 euro arteko isuna izango dute, arau-hauste larriek 90,10 euro eta 450,49 euro artekoa, eta arau-hauste arinek 90,10 euroko bitartekoa.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!