Ezagutza, ardura eta elkartasuna, irudien bidez

Rebeka Calvo Gonzalez 2017ko mai. 19a, 07:55
40 argazki daude ikusgai maiatzaren 23a arte, kultur etxean. REBEKA CALVO

'Emakumeak. Afganistan' argazki erakusketa ikusi daiteke asteartea bitarte Ibarrako kultur etxean.

Ez dira irudi xamurrak. Ibarrako kultur etxean datorren asteartera arte ikusgai dauden 40 irudiek Afganistango emakumeen egunerokoa erakusten dute, eta hor islatzen denari erreparatuta, argi ikusten da, bizimodu gogorra dutela. «Talibanen erregimena erori bada ere, erakusketan gauzak ez direla gehiegi aldatu ikusten da», esan du Aizpea Esnaola (Orio, 1988) Berdintasun teknikari berriak. Hilabete darama Ibarrako Udalean lanean eta erakusketarekin batera, gaur bertan Kaxkubi emakume taldeak antolatuta egongo den Erradikalak gara antzezlana (18:30ean, kultur etxean) eta ondoren Xeplan egingo duten kantu afaria dira dinamizatzea egokitu zaion lehen ekitaldiak. «Berdintasun Planaren diseinua egina dago eta hori dinamizatzea izango da nire lana», esan du.

Emakumeak. Afganistan erakusketako argazkiak Gervasio Sanchezenak dira eta ekoizpena zein testuak Monica Bernaberenak dira. 2009 eta 2014. urteen artean egindako lanaren ondorio da kultur etxean bildu dutena eta irudiez gain, argitaratutako liburu mardula ere bertan dago ikusgai.

Erakusketaren muina ulertzeko sarreratik eskuinera jotzea komeni da, areto guztia zeharkatuz. «Talibanen erregimena erorita gauzak pixka bat aldatu direla dirudi, eta hori islatzen da erakusketan, azken argazkian emakume batzuk kirola egiten hasi direla ikusi daitekeelarik, boxeoa hain justu. Baina hala eta guztiz ere, euren errealitatea gordina da oso», esan du teknikariak.

Argazkiak zazpi ataletan banatu dituzte: Ezkontza, Ihesa, Heriotza irtenbide moduan, Lege aurrerapenak? Paper bustia, Emakumeak korrontearen aurka, Zigorgabetasuna eta Gerraren orbainak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!