Edukiontzi berrietarako txip banaketa, bihartik aurrera

Tolosaldeko Ataria 2017ko mai. 17a, 15:32

Uste baino beranduago, baina iritsi da jada, Ibarrako hiri-hondakinak biltzeko sistema berria. Maiatzaren 22an hasiko dira, datorren astean beraz, edukiontzi berriak jartzen, eta orduan hasiko dira ere atez ateko sistemarako jarritako zintzilikarioak kentzen. Datorren astetik aurrera, hortaz, plastikoa eta papera edukiontzi irekietan utzi beharko dira, eta organikoa eta errefusa txip bidezko edukiontzietara bota beharko dira. Txip horiek bihar, etzi eta etzidamu banatuko dituzte, Bekobideko lokalean (Euskal Herria 18, atzealdea). Ostegunean eta ostiralean 10:00etatik 13:00etara eta 18:00etatik 21:00etara banatuko dituzte, eta larunbatean goizez bakarrik, 10:00etatik 13:00etara. Era berean, poltsa konpostagarriak eskuratzen diren txartelekin jaso ahal izango dira, bi hilabetez behin, Euskal Herria kaleko 18. zenbakian jarriko duten makinan.

Txartel hauekin organikoa botatzeko edukiontzia egunero ireki ahal izango da eta errefusa astean behin jaitsi ahal izango da. Pixoihalekin sortu ahal diren arazoen aurrean, errefusaren edukiontzia egunero irekitzeko txartelaren egokitzapena egiteko eskatu behar da udaletxeko Ingurumen sailean.

Udalak adierazi duenez, orain arte erabili diren kuboak etxean utzi daiteke edota itzuli. Bueltatu nahi izanez gero, maiatzaren 23an 20:00etatik aurrera utzi beharko dira atez aterakorako erabiltzen diren zintzilikarioetan.

Udalak isunak jarri ahal izango ditu hondakinak ondo sailkatzen ez dituztenei.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!