Hasi da piperraren kanpaina

Rebeka Calvo Gonzalez 2017ko maiatzaren 15a

Uzturpe ikastolako DBH 3ko ikasleek eta Gureak-eko kideek izan dute gaur, Ibarrako piperraren kanpainari hasiera emateko ardura. San Isidro egunez egin ohi dute ekitaldia Molpoido auzoan, 789 taldeko kideen laguntzarekin.

789 taldeko kideek eman dizkiete azalpenak Ibarrako Uzturpe ikastolako DBH 3ko ikasleei. Ibarrako piperra nondik datorren, nola ereiten den, zein ezaugarri dituen... herriko jaki preziatuaren inguruko azalpenak entzun dituzte ikasleek. Urtero biltzen dira Ibarrako Molpoido auzoan piperrak landatzeko. San Isidro eguna baliatu ohi dute kanpainari hasiera emateko, eta iraila partean itzultzen dira bertara, piperrak jasotzera.

Lanean hasi aurretik, hamaiketakoa egiteko aukera ere izan dute. Barriola harakina izan da bertan eta urtero bezala, aurten ere Ibarrako piperrarekin egindako jaki berri bat aurkeztu du. Piper Wurstizena jarri dio, eta frankfurt motako saltxitxa bat da. Hamaiketakoa egin, 789 taldeko kideen azalpenak entzun eta lanean hasi dira gazteak, hiru taldetan banatuta. Gureak-eko kideak ere izan dira bertan, eta beraiek ere piperrak landatu dituzte.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!