Denboraldi hasiera bikaina

Ataria 2017ko maiatzaren 12a

Ibartarrak, Elgoibarren larunbatean. JULEN ANSOLA

Garmendia eta Doyharzabal Elgoibarren nagusi izan dira, mistoan zein abslotuan.

Maitane Garmendiak eta Beñat Doyharzabal ibartarrek larunbatean eman zioten hasiera 2017ko abentura raiden ligari, Elgoibarren III. Debabarrena Raid proban. Bikoteka lehiaturiko 7 orduko iraupeneko proba izan zen, lau sekziotan banatua, hasiera eta amaiera puntuak Elgoibarren bertan izanik. Lehen sekzioa herri orientazio motz bat izan zen, jarraian mendi bizikletak hartu eta 1.000 metrotik gorako desnibel positiboa zuen etapa gogor batean trekking-eko hasiera puntura iritsi ziren, Madariaga auzoan kokatua. Hantxe hasten zen probako sekzio erregina: 3 ordu eta 30 minutu inguruko trekking zoragarri bezain gogorra, Izarraitz mendizerra inguruan. Fisikoki nahiz orientazioari dagokionean exigentzia handikoa izan zen, baina txoko eder askoak ezagutzeko aukera eman zieten parte hartzaileei. Orientatzen fin ibili ziren ibartarrak, eta estrategiarekin ere asmatu zutenez, bizikletan galduriko denbora berreskuratzeko aukera izan zuten. Azken sekziorako 55 minutu besterik ez zituzten, bidean baliza batzuk bilduz bizikletaz Elgoibarrera iristeko. Azkenean 3 minutu faltan heldu ziren helmugara: 6.57-ko denborarekin eta probako 104 puntuetatik 93 eskuratuta, lasterketa irabazi zuten kategoria mistoan zein absolutuan. Hurrengo hitzordua maiatzaren 27an izango dute Egilorren (Nafarroa).

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!