Unai Iribar, helmugen bildumagile

Asier Imaz 2017ko mai. 11a, 10:00
Unai Iribar txirrindulari ibartarrak denboraldi borobila darama, bai pistan eta baita errepidean ere. ASIER IMAZ

Europako eta Munduko pista txapelketetara joateko aukera handiak ditu Ibarrako txirrindulari gazteak; jubenilen bigarren urtean, garaipenetik garaipenera dabil Oriako Txirrindulari Eskolakoa

Helmugak etxera eramateko moduan dago aurten Unai Iribar ibartarra; garaipenetik garaipenera. Pistan domina pilaketa polita egin ondoren, errepidean eskuak zerura altxaz jarraitzen du 1999. urtean jaiotako txirrindulariak.

Jubeniletan bigarren urtea du Iribarrek, eta denboraldi honetako palmaresak baino argiago ezin da hitz egin: «Pistako denboraldia Gipuzkoako Challenge-eko probekin hasi genuen. Jardunaldi guztiak jokatu ondoren sailkapen orokorra irabaztea lortu nuen. Ondoren, Gipuzkoako Txapelketa irabazi nuen, eta Euskadikoan bigarren geratu nintzen. Gero Espainiako Koparekin hasi ginen, eta hor ere sailkapen orokorra irabazi nuen. Espainiako Txapelketetan, azkenik, bi urre eta bi zilarrezko domina lortu nituen. Errepidean, Valladoliden eta Zegaman irabazi nuen». Azken bi proba horiek Espainiako Federazioaren Trofeo Saria osatzen dute. Erkidegoko selekzioak ordezkatuz joaten dira bertara txirrindulariak, eta ibartarrak biak irabazi zituen: Valladolideko Kopa eta Gipuzkoa Klasika, Zegaman.

Iaz jubenilen lehen urtean, Iribarrek podium-a ezagutu zuen, baina aurten lehen postura itsatsita gelditu dela dirudi: «Urte bat gehiagorekin indar gehiago izaten duzu. Gero aurkariak ez dira zaharragoak; zure adinekoak edo gazteagoak. Entrenamenduak iazkoen antzekoak dira, baina esan bezala, gorputzak ematen duen jauzia nabaritzen duzu». Bere buruari jarritako presioan jauzirik ba ote dagoen galdetuta, ezetz dio ibartarrak: «Lasterketara taldekoekin, lagunekin eta beste txirrindulariekin ondo pasatzera joaten gara. Lasterketa bat da, eta lehiatu beharra dago, baina inongo presiorik ez dut edukitzen». Ondo pasatze hori garaipenekin errazago ematen da, ezta? «Irabazten ari zarela ikusten duzunean, noski, beti gehiago gozatzen duzu. Aurten ez nago kexatzeko moduan».

Errepidean martxoan hasi ziren, baina pista oraindik burutik ezin kendu dabil txirrindulari ibartarra: «Udan Europako eta Munduko txapelketak jokatuko dira. Hautatzaileak nortzuk joango diren esango du laster, eta zain nago». Gauzak zuzen badoaz, Unai Iribar ziur hautatuen artean egongo dela. Urtaro tarte horretan, ordea, errepideko probak ez dira geldituko, eta Oriakoko txirrindularia gogotsu agertzen da: «Denboraldi amaiera bitarteko helburua ahal dugun neurrian horrela jarraitzea izango da. Udan lasterketa bloke indartsua dator, besteak beste, Gipuzkoako txapelketak, errepidean eta erlojuaren aurka, eta Gipuzkoako Itzulia».

Igotzaile peto-petoa ez den arren, mendia aurrean pasatzerako garaian ederki moldatzen da Unai Iribar, eta gero..., «pistatik natorrenez, badut bukaerako txispa edo azkartasun hori». Ez du ofiziorik errazena aukeratu ibartarrak, eta aurrera egiteko sakrifizioa deskribatzen du: «Entrenamenduak serio hartu eta desmadratu gabe ibiltzea, nahiz eta noizbehinka parrandaren bat egitea ez dagoen gaizki, inauterietan edo. Gero ikasketak daude, baina ez naiz lehena txirrindularitza eta ikasketak elkarrekin egin dituena. Besteek egin dute, eta ni ere moldatzen naiz». Beste horien artean Jon Irisarri dago, ispilua: «Ni ematen ari naizen urrats berdinak eman ditu. Oriakon hasi zen, eta hortik iritsi da profesionaletara. Eskolakoontzat erreferente bat da. Egin duena oso zaila den arren, posible dela erakutsi digu».

 

GIPUZKOAKO TXAPELKETAN ORIAKO ESKOLA

Oriako Txirrindulari Eskolako haur eta gaztetxoak Irunen izan ziren joan den asteburuan, Gipuzkoako Taldekako Txapelketan. Aitor Aiertza taldeko arduradunaren esanetan «oso txukun eta gustura» ibili ziren. Emaitzak ere lortu zituzten. Talde mistoak alebinetan denborarik onena egin zuen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!