Areto futbolera itzuli eta finalerdietara

Asier Imaz 2017ko mai. 4a, 10:00

Lauburu KE Ibarra-ko kideek jarraitzaileak Belabietara gonbidatu dituzte ostiralean, 20:30ean. ATARIA

Lauburu KE Ibarrak ligako finalerdiak jokatuko ditu ostiralean, Belabieta kiroldegian, 20:30ean hasita

Lauburu KE Ibarrak, Emakumeen Senior Mailan, denboraldia bigarren postuan amaitu du. Orain lehen lau talderen artean finalerdiak jokatuko dituzte, eta ondoren finala. Finalerdiak partida bakarrera izango dira. Ibarrako taldearen kasuan, ostiral honetan jokatuko dute Belabietan, 20:30ean, Trintxerperen aurka. Irabaziz gero, finala hilaren 13an dute zain, Donostian, 18:00etan. Liga irabaziz gero maila igoera etorriko litzatekeen edo ez galdetzea alferrikako galdera da, izan ere, euren helburuetan ez da horrelakorik sartzen, «beste talde batek igo beharko luke kasu horretan», dio Olatz Artola entrenatzaileak. Berarekin batera, Ane Artutxa, Edurne Martinez, Lorena Iribarren, Maddi Izagirre eta Aitana Amondarainek azaldu dituzte taldearen nondik norakoak: «Finalerdietan egotea emaitza oso ona da, taldea aurten sortu dela kontuan hartzen baldin badugu».

Talde berezia osatu dute, selekzio moduko bat: «Duela 8 urte utzi genuen futbola gehienok. Bakoitza talde batekoa zen, eta gehienok Tolosako ikastetxeen izenean jokatzen genuen, elkarren aurka. Aurten, areto futbol taldea osatzeko ideia izan zuten batzuk, eta elkarrekin hitz eginez, taldea osatu dugu». Garai bateko aurkariak, futbola barruan dutenak, berriro hasi dira, baina denbora ez da alferrik pasa: «Niri parranda batean esan zidaten eta baietz esan nuen, baina baldintza batekin: partidaren batera ezin baldin banuen joan, ez nintzela azalpenak ematen hasiko». Hain justu, hori da taldearen filosofia: «Futbolak asko ematen dizu, baina baita kendu ere. Horregatik utzi genuen askok kirol hau. Orain itzuli gara, baina ez dugu nahi ezer kentzerik, alderantziz, aisialdi moduan hartzen dugu, kirola egiteko eta elkarrekin egoteko aitzakia bezala». Hor ikusten da lehiakortasunak talde honetan duen lekua. Bere ordez, esperientzia dago, eta ez nolanahikoa. Bada futbol handian urte dezente ibili denik, baina areto futbolean Lehen Mailan Ordiziarekin jokatu duenik. Eta denak, areto futbola barrutik ondo ezagutzen duten kirolariak dira. «Beste taldeak gazteagoak dira gure aldean, baina guk esperientzia hori daukagu, eta jokalari bakoitzak badaki zer egin une bakoitzean». Hala eta guztiz ere aitortzen dute, lehen jardunaldietan horrelakorik ez zela: «Bakoitza nahiko bere aldetik joaten zen, baina denborarekin elkar ezagutzen joan gara, taldea osatuz».

Ostiralean Ibarrako Belabietan izango da partida 20:30ean, eta ondoren, jatekoa eta edatekoa egongo da partidara joaten diren guztientzat. Izan ere, denboraldi osoan hori ere taldearen filosofiaren parte izan da.

 

TALDEKIDEAK

Lorena Iribarren Larrañaga. Tolosa, atezaina.

Edurne Martinez Agirre. Tolosa.

Nerea Aiestaran Cipitria. Tolosa.

Irati Aiestaran Zelaia. Tolosa.

Amaia Olazabal Egino. Tolosa.

Mireia Sarasola Agirre. Asteasu.

Ane Artutxa Dorronsoro. Tolosa.

Aitana Amondarain Eskisabel. Tolosa.

Ane Aldalur Agirrezabala. Tolosa.

Marta Garcia Odriozola. Tolosa.

Maddi Izagirre Arruabarrena. Tolosa. Atezain-jokalaria.

Maite Laca Saralegi. Tolosa.

Olaia Lizartza Karrera. Berastegi.

Irati Larrañaga Zabala. Tolosa.

Izaro Garmendia Urbieta. Asteasu.

Olatz Artola Apeztegia. Tolosa. Entrenatzailea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!