Tichlako herritarrek konpromisoak berretsi dituzte

Rebeka Calvo Gonzalez 2017ko api. 27a, 10:00
Tichlako arduradunekin biltzeko aukera izan zuen Ixiar Arratibelek pasa den astean. ATARIA

2010ean inauguratu zuten Saharako herrian, Ibarrako Udalak finantzatutako erabilera anitzeko eraikina; alkateordea izan berri da bertan

Ibarra Saharako Tichla herriarekin senidetuta dago 1998. urteaz geroztik. Senidetzea baina, formaltasun bat baino gehiago da, Ibarrako Udalak Mendebaldeko Saharan, okupatutako lurraldean, dagoen herria laguntzeko konpromiso sendoari eusten baitio, urtez urte. Horiek horrela, erabilera anitzeko eraikin bat egin zuten Tichlan 2010. urtean. Eraikinean goizean erizain bat egoten da aitona- amonak artatzen, eta arratsaldeetan, berriz, emakumeak biltzen dira bertan. Era berean, eraikineko gastuei aurre egin ahal izateko aurrekontuan urtero onartzen dute partida bat, 2017an 12.000 euro bideratuko dituztelarik, eraikinera. Azken urteetan udaleko ordezkariak ere joan izan dira Saharara, egoera bertatik bertara ezagutu asmoz. 2009an joan ziren lehen aldiz, eta Ixiar Arratibel alkateordea ere bertatik iritsi berri da. Pasa den asteartean iritsi zen hara eta larunbata bitarte, erabilera anitzeko eraikinean izan zen.

Arratibelek azaldu duenez, «adineko pertsonen elikadura eta abar zaintzeko aukera ematen du eraikinak». Urtero bidaltzen duten diruarekin eraikineko mantenua ordaintzen dute, bertan lan egiten dutenen soldatak eta, batez ere, banatzen diren bazkari eta gosariak. «Ikusi duguna da ez diotela erabilera gehiegi ematen eraikinari, lehen 50 bat heldu biltzen ziren bertan eta orain 20-30 bat dira. Ez dago gaizki, baina aurrera pausoak eman behar direla uste dugu», esan du.

 


Eraikinean ez dute egunero zerbitzua ematen eta horri buelta emateko konpromisoa hartu dutela ere esan du alkateordeak. «Zerbitzua ematen ez den egun horietan zerbitzua etxeetara eramango dutela hitzartu dugu, esaterako Ramadan garaian edo udaran, bero asko egiten duenez, ez baitira etxetik ateratzen. Otorduak ematen ez badira, gutxienez dirua emango diete, janaria erosi dezaten. Garrantzitsua da erizainak bere kontrolak egin ditzan».

Bestelako konpromisorik ere hartu dute Tichlan; hizkuntza eskolak ematea, batez ere, gaztelaniazkoak. «Hona udan etortzen direnek badakite, baina ez guztiek, noski, eta garrantzitsua iruditzen zaigu».

Bestalde, emakumeen arloa ere jorratu nahi izan dutela dio Arratibelek eta emakume taldearekin harremanetan jarri eta jarraipena ematea adostu dutela. Era berean, kooperazio ministroarekin ere egon ziren. «Positiboa izan da, komunikazioa hobetzeko balio izan du bisitak», gaineratu du.

MUTURREKO EGOERA

Tichla Aussardeko wilayako herri bat da eta Mendebaldeko Saharan dago. 307.000 biztanle dituen herrialdea da eta horietatik 120.000 Marokok okupatutako lurraldean bizi dira, hau da, beraien berezko lurraldean. Gainontzeko 187.000 biztanleak Algerian kokatutako errefuxiatuen kanpamenduetan bizi dira, Tinduf izeneko zonaldean.

Kanpamendu hauek, Sahara desertuko eremurik lehorrenean kokaturik daude eta udako hilabeteetan kanpamenduetan 40º-tik gorako tenperaturak jasaten dituzte.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!