Gazte Zuloko auzolanari ekingo diote gaur

Ataria 2017ko apirilaren 21a

Herritarren erantzuna azpimarratu du udalak, eta auzolanaren ondoren bazkaria antolatu du, bihar

Joan den martxoaren 31n auzolanera deitu zituen ibartarrak, Ibarrako Udaleko Gazte Zulok. Izen ematea zabaldu, eta herritarren erantzuna bikaina izan dela azpimarratu dute: 90 boluntario prest azaldu dira, herrian konponketa txikiak egiteko.

Horrela, beraz, gaur eta bihar ariko dira, plaza eta kultur etxe inguruetako bankuak eta farolak txukuntzen. Gaur, hasteko, prestaketa lanak egingo dituzte, txukundu beharreko hiri-altzariak lisatuz eta zintak jarriz. Ondoren, pintaketa lanei ekingo diete: Atari tabernako aldapa, kultur etxeko bankuetan eta plazan ariko dira.

Bihar, berriz, auzolanaren egun handia izango da. Horrela, goizean bezperan hasitako lanei jarraipena emango diete lehenengo eta, eguerdian, herri bazkaria izango dute plazan, auzolandegian parte hartzen dutenentzat.

Festa giroarekin biribildu nahi izan dute eguna, eta 17:00etatik aurrera erromeria ere izango dute, Iratzar taldearen eskutik. Aipatzekoa da, Gazte Zulo zerbitzuak hitzordua baliatuko duela, bihar, Iker Peredak eurentzat diseinaturiko logotipoa aurkezteko; boluntarioei kamisetak banatuko dizkiete, irudi berriarekin.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!