309 etxebizitza berri egiteko aukera jaso dute Plan Orokorrean

Rebeka Calvo Gonzalez 2017ko api. 18a, 16:41

Ibarrako udalbatzak behin behinean onartu du Plan Orokorra eta 2018rako indarrean egotea espero dute; 2004. urtetik egon dira plana garatzen

Prozesu «luzea» izan da, baina azkenean Ibarrako Udalak osatu du Hiri Antolamendurako Plan Orokorra. 1991an onartutako Arau Subsidiarioek jasotzen zuten Ibarraren antolamendua garatu eta gero, 2004tik
saiatu da Ibarrako Udala «etorkizunerako plangintza berria tramitatzen». Eta gauzak ondo, 2018an izango du indarrean Ibarrak Plan Orokorra. «Prozesu luzea izan da eta bi aldiz bertan behera geratu ziren saiakerak, hainbat arrazoi tarteko: lurzoruaren lege berria, Ibarran eragin handia duen uholde arriskuen legea eta batik bat, krisia», esan du udalak.

Martxoaren 31ko osoko bilkuran behin behineko onarpena eman zioten Plan Orokorrari, aho batez. «Ibarran dugun etxebizitza kontuan hartuta, eta 2014 urtean egindako hausnarketa prozesuari eta parte hartze prozesuari esker, oraingoan esan dezakegu Plan Orokor bat gauzatzea lortu dela, udal agintariek aho batez hartutako akordioarekin gainera», gaineratu dute.

Udalak datorren urterako indarrean egotea espero du, orain Eusko Jaurlaritzaren aldeko txostenaren eta Gipuzkoako Aldundiaren behin betiko onarpenaren zain daude.

Behin betiko onarpenaren faltan dagoen Plan Orokorrak sei ardatz nagusi ditu: etxebizitzen eraberritzea eta eraikuntza; jarduera ekonomikorako lurzorua finkatzea; eremu libreak ordenatzea; mugikortasuna bermatzea; nekazaritza lurrak errespetatzea; eta aparkaleku faltaren arazoari irtenbide ematea.

Etxebizitzak
Etxebizitzei dagokienez, hazkunde «natural eta orekatua» eman nahi diote, batetik, eta «orain dagoena biziberritu», bestetik, beti ere «ibarrean lehenik dauden baratzeak parte batean mantenduz». Hori dela eta, «behar beharrezkoak diren hiri hutsuneak» bakarrik antolatu dituzte, herritarrei zortzi urteko epealdian zerbitzua eman asmoz.

Udalak jakinarazi duenez, 4.300 bat biztanle daude egun, Ibarran, eta 2025rako, Plan Orokorra gauzatzeko epe muga, 4.400 biztanle izatea aurreikusi dute. Datozen urteetan eraiki ahal izango diren etxebizitza kopurua zehazteko datu horiei erreparatu diete eta baita gazteak «ondoko udalerrietara mugitu direla, azken 15 urteotan eraikitzeko lur eskaintzarik egon ez delako». Horiek horrela, 309 etxebizitza berri gehiago ordenatu dituzte 4 eremutan banatuta: Gurutzeaga, Malkorrane Eskuzarre, Ibategi eta Zaldune. «Horiez gain, beste 40 etxebizitza berri gehiago eskaini ahal izango dira eraberritzeko dauden beste eremuetan», gaineratu dute.

Jarduera ekonomikoa
Udalaren iritziz, indarrean dauden Arau Subsidiarioek «nahikoa» lurzoru dute jarduera ekonomikorako, «kontuan izanda, onartutako azken aldaketan Apatta industrialdeko bigarren fasearen antolamendua aurreikusten zela eta orain, ekimen hori finkatu nahi da».

Eremu libreei dagokienez, herriaren erdian «eskasia» dagoela uste dute udal agintariek, eta ondorioz, Zelai errekaren ertzetan dauden Errekondone eta Ibategi inguruan parke berriak sortzea aurreikusten du Plan Orokorrak. Apatta II poligonoarekin lotura emango duen aisialdi parke bat egitea ere aurreikusi dute.
Mugikortasuna da Plan Orokorraren beste ardatzetako bat. Honi dagokionez, oinezkoen eta txirrindularien mugikortasun baldintzak «hobetzeko eta zarata maila jaisteko» neurriak hartu dituzte. «Euskal Herria kaleko ibilgailuentzako, eta batez ere, kamioi eta ibilgailu astunentzat, beste alternatiba bat bilatu behar da», esan dute. Hori jomugan, lurralde antolamenduak aurreikusitako trazadura «baliagarria» izan daitekelakoan daude. «Hala ere, proposamen hori aztertu egin beharko litzateke, bere abantailak eta desabantailak ikusiz, beharrezkoa bada moldaketak eginez eta hiri barruko gunea berrantolatuz». Hori guztia, dena den, herritarrekin lantzea proposatzen du udalak eta baita trazadura berri honek eragingo dituen lursailen jabeekin hitz egitea ere.

Nekazaritza lurrak
Planaren helburua «nekazaritza-lurra errespetatzea eta espekulaziotik babestea» dela nabarmendu nahi izan du udalak eta beraz, baserriaren erabilera posibleak arautu dituzte eta baita eraikuntza bakoitzeko etxebizitza kopurua ere, «berorren erabilera bultzatuz». Bestalde, errepide sarearen antolamendua egingo dela esan dute.

«Ez da aurreikusten Izaskunen hirigintza-garapen berririk. Halere, egoki ikusten da alojamendu erabilerak bultzatzeko neurriak hartzea eta, etorkizun batean, ermita ondoan, estalitako guneren bat ezartzea, nahiz eta non egingo den ez den zehaztu; helburua da inguru horretako azpiegituren kalitatea hobetzea», esan dute.

Ibarrak badu beste arazorik ere, aparkaleku faltarena, eta hori bideratzen saiatu dira Plan Orokorrean. Aparkaleku-premiari erantzuna emateko, Zaldune eremuan lur azpiko aparkalekua ordenatzea aurreikusi dute eta «behin-behineko izaerarekin eta Ibategiko eremua eraldatu edo transformatu bitartean», eremuko lursail batzuetan aparkaleku erabilera izatea onartu dute.

«Bestalde, aipatu behar da, bertan behera utzi dugula Ur Agentziaren txostenak, uholde arriskuengatik, Errekondone inguruan etxebizitzak eta aparkaleku handia egiteko asmoa, eta ondorioz, ezinezkoa izan dela halakorik aurreikustea; horregatik, leku horretan herritarrentzako berdegunea lortzeko aukera jaso da».
Plan Orokorrak bildutako guztia bete ahal izateko, ordea, erabili nahi diren lurren jabeekin hitz egin behar dute, «horiekin –lurren jabeekin– elkarlanean, udalak izaera aktiboa izango du planean onartutako erabakiak gauzatu daitezen».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!