[GUTUNA] Mila esker Ibarra

Ibarrako Gure Esku Dago 2017ko apirilaren 7a

Galdera bakarra, baina zenbat ilusio. Martxoaren 19an Tolosaldeko Giltzarriak antolatutako galdeketaren ostean, ibartar guztiak zoriondu nahi ditugu Ibarrako Gure Esku Dago taldea osatzen dugunok.

Lehenik eta behin gurekin batera galdeketaren prestaketa lanean aritu zineten boluntario guztiak. Gogoz eta ilusioz egin zenuten lan. Handia egitera gindoazela esan genizuen, baina benetan handia izan zena zuen laguntza eta jarrera izan zen. Izango dugu elkarrekin lanean jarraitzeko aukera, egon ziur.

Era batera edo bestera egunean bertan lanean aritu zinetenok ere zoriondu nahi zaituztegu. Mahaietan eserita edo herrian zehar dantzan, segurtasunean edo dultzaina eta trikitia eskuetan, antolakuntzan edo festa giroan murgildurik… M19an herrian izan zen giroa eta beroa errepikatu beharra dago!

Eta azkenik, botoa ematera gerturatzea hautatu zenuten horiei, baina baita etxean geratzea erabaki zenuten ibartar horiei ere. Botoa eman zenutenoi bidea hartzeagatik, eta etxean geratu zinetenoi, bidea egiten jarraitu behar dugula gogorarazteagatik. Guztiok garelako beharrezko etorkizuna irudikatzeko.

Guk jende zoriontsua irudikatzen dugu herri libre batean. Zorionak Ibarra!

Ibarrako Gure Esku Dago.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!