Manu Azkarate

Ibarrako udalbatzak Manu Azkarateren askatasuna eskatu du

Rebeka Calvo Gonzalez 2017ko martxoaren 31

Sarek mozioa aurkeztu zuen atzo, Ibarrako Udalaren osoko bilkuran, eta aho batez onartu zen, EH Bilduren eta EAJren aldeko bozkekin. Larriki gaixo dauden presoen askatasuna eskatzen zen mozioan eta Manu Azkarate tolosarraren kasua zehaztu.

Ibarrako udalbatzak Manu Azkarateren eta larriki gaixo dauden gainontzeko euskal presoen askatasuna eskatzen duen mozioa onartu zuen atzo. Aho batez onartu zuten Sarek aurkeztutako mozioa.

Sareko kide batek irakurri zuen mozioa Manu Azkarateren hainbat senitarteko eta lagunen babesarekin. Sareko kideak Azkaratek duen gaixotasun kronikoaren inguruko xehetasunak eman zituen eta kalean behar duela esan zuen.

Mikel Agirrezabala alkateak ere hitz egin zuen eta larriki gaixo dauden presoen egoera "mendeku gosez egindako politika" baten ondorio dela adierazi zuen. Era berean, udalbatzaren babesa eta elkartasuna azaldu zien Azkarateren senitarteko eta lagunei.

Larriki gaixo dauden presoek euren gaixotasunaz gain, dispertsioa ere jasan behar dutela salatu zuten atzoko osoko bilkuran, eta Sareko kideek gogoratu zuten pasa den asteburuan Azkarateren semeak ezin izan zuela bisita egin, autoa matxuratu eta Tafallatik pasa ezinik geratu zirelako. Preso tolosarra Soto del Real espetxean dago, etxetik 800 bat kilometrotara.

Sareko kideez gain, Azkarateren senitarteko batek ere hartu zuen hitza, eta udalbatzari "sentsibilitatearen hizkuntza komuna" hitz egin izana eskertu zion. "Oier Gomez presoen egoera larria ere gogoratu nahi dut, larriki gaixo dago, Frantzian. Bere senitartekoei gure babesa adierazi nahi diegu", esan zuen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!