Sagarrondoak eta zumarrak, Zuhaitz Egunerako

Ataria 2017ko martxoaren 31

Zuhaitz Eguna dela eta bi landatze egin dituzte Ibarran. Batetik, 3 sagarrondo landatu dituzte Uzturpe ikastolaren inguruan, eta bestetik, 18 zumar berri ditu Azkue auzoak.

Atzo arratsaldean landatu zituzten sagarrondoak, eta Uzturpeko hainbat ikasle aritu ziren lan horretan. Sagarrondoak udalak erosi ditu Bernat Etxepare Lizeoa laguntzeko helburuz. Eskaraz egiten duen Ipar Euskal Herriko lizeo bakarra da eta eraikina orain gutxi berritu dute, barne ekipamendua falta zaie ordea. Ekipamendua lortzea gurasoei dagokie eta dirua biltzeko Euskararen Sagartzeak kanpaina abiarazi dute, sagarrondoak salduz.

Honekin batera, Uzturpe ikastolako LH 6. mailako ikasleek 18 zumar landatu dituzte gaur, Azkue auzoan. Zumarrak W-zuria tximeletaren biziraupenerako ezinbestekoak dira eta horregatik erabaki dute landatze hau egitea. Ibarrako Udalak eta Zerynthia elkarteko kideen ekimenez landatu dituzte zumarrak.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!