Ibarrako Gaztezulo gaztelekuan parte hartzen duten DBH 2 eta 3ko gazteek dinamika berri bat aurkeztuko dute bihar, 18:00etatik aurrera, plazako estalpean. Herrian pentsatuz, auzolana sustatuz izena jarri diote ekimen berri honi, eta helburua gazte lekuak berak duen berbera da: gazteak herriko dinamiketan eta ekintzetan parte hartze aktiboa izatea. «Beraiek proposatutako ekimena da eta auzolana du ardatz. Pazko Asteko apirilaren 21ean eta 22an auzolanean konponduko ditugu herriko hainbat elementu, bankuak eta farolak, esaterako», esan du Eneritz Errasti Gaztezuloko begiraleak.
Gazteek zerbait berezia prestatu dute gaurko aurkezpenerako eta egingo dutenaz hitz egiteaz gain, gonbita ere luzatuko dute, herritarrek auzolanean parte hartu dezaten. «Herritar garen aldetik, bizi eta gozatzen dugun herriari zerbait eskaintzea zen gure helburua eta auzolanaren ohitura zaharra berreskuratu eta herritarren artean elkarlana eta parte hartzea sustatu nahi ditugu», esan du Errastik. Gazteak Zarautzen izan dira orain gutxi, Gaztezulorekin batera egindako irteera batean, eta bertan prestatu dute gaurko aurkezpena eta auzolana bera. Era berean, «herrian zehar ibili dira berritu daitez keen hiri-altzariak eta abar ikusten, eta hori da jendaurrean aurkeztu nahi dutena», gaineratu du.
Hezitzaileak esan duenez, esperientzia hau oso aberasgarria izango da gazteentzat eta «herria beraiena» egiten ere lagunduko du. «Oso interesgarria da, beraien proposamena izan da eta oso polita izaten ari da. Udaletxeak banku eta abarren berrikuntza hori beraiena egiteko aukera eman du. Esaterako gazteak ibiltzen diren inguruetako bankuak pertsonalizatu ahal izango dituzte. Oso proiektu polita da», esan du.
Errasti azaroan hasi zen Gaztezulon lanean, Itsaso Perezen lekukoa hartuz, eta Mikel Zurutuzarekin batera ari da Azkue auzoko lokalean. «Gazteek parte hartze handia dute eta oso ibilbide polita egiten ari dira, nahiz eta landu ere egin behar den», esan du. Gaztelekua asteazkenetik larunbata bitarte irekitzen dute.
Asteazkenetan txikienek hartzen dute parte eta larunbata birtarte txandakatuz joaten dira. Larunbatetan auzolana prestatu duen taldea joaten da, DBH 2 eta 3koak nahastuta. «Parte hartze sentimendu hori lantzen joaten gara taldez talde», azaldu du Errastik.