Zumarrak eta sagarrondoak landatuko dituzte Zuhaitz Eguna dela eta

Ataria 2017ko martxoaren 29a

W-zuria tximeleta

Bernat Etxepare Lizeoa laguntzeko helburuz eta W-zuria tximeleta babesteko egingo
dituzte landatzeak

Ostiralean Zuhaitz Eguna ospatuko dute Ibarran eta hori dela eta bi landatze egingo dituzte.
Batetik, Bernat Etxepare lizeoari laguntzeko helburuz, 3 sagarrondo erosi ditu udalak eta martxoaren 30ean landatuko dituzte Uzturpe ikastolaren inguruan, hainbat ikasleren laguntzarekin. 15 eta 18 urte arteko gazteek formakuntza osoki euskaraz egiten duen Ipar Euskal Herriko lizeo bakarra da. Lizeoan adar orokorra zein teknologikoa eskaintzen dute eta baita adar profesionala ere. Egoitza berria dute eta Ibarrako Udalak azaldu duenez, barne ekipamendua finantzatzea lizeoko gurasoei dagokie eta horretarako Euskararen Sagartzeak kanpaina abiarazi dute, sagarrondoak salduz. Udalak hiru erosi ditu.

Bestetik, martxoaren 31n bertan, goizez, Azkue auzoan 18 zumar landatuko dituzte Uzturpeko LH6ko ikasleen laguntzarekin. Udalaren ekimena da eta Zerynthia elkartekoen laguntza izango dute. Izan ere, W-zuria tximeleta, beldarra den bitartean, zumarrez elikatzen da bakarrik, baina 70eko hamarkadatik hona zumarrak grafiosis gaixotasunak jota daude eta ondorioz Europa osoan dago gainbeheran W-zuria. Tximeleta babesteko landatuko dituzte zumarrak. 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!