Emakumeen Nazioarteko Eguna 2017

Emakume eta gizonen ordezkaritza orekatua sustatzeko oinarriak bateratu eta onartu dituzte

Ataria 2017ko mar. 7a, 13:42

Ibarrako osoko bilkurak hartu du erabakia. Ibarrako Udalak eta berau osatzen dutenek hartzen duten konpromisoa bildu dute, tokiko politikan berdintasunezko sarbidea eta partaidetza helburu izanik.

Onartutako mozioan zehazten denez, gizon eta emakumeen berdintasunera bidean, hauen ordezkaritza eta parte hartzea orekatu behar da. "Oraindik ere emakumeen presentzia txikiagoa denez, beharrezko neurriak hartu beharko direlarik", dio mozioan onartutako adierazpen instituzionalak.

Martxoaren 2an egindako osoko bilkuran onartu zen. EH Bilduk eta EAJ-k martxoaren 8 egunaren inguruko mozioak aurkeztu zituzten, eta bien arteko bateraketa baten ondoren, guztien artean mozio testu bat osatu zuten.

Adierazpen instituzionalean gogora ekarri dute Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako 4/2005 legearen 23. artikuluak dioena: "Euskal herri-aginte guztiek, beren zuzendaritza-organoetako eta organo kolegiatuetako kide izateko pertsonak izendatzerakoan, izendatutakoen artean trebakuntza, gaitasun eta prestakuntza egokia duten emakumeen eta gizonen ordezkaritza orekatua izan dadila sustatu behar dute. Xede horretarako, beharrezkoak diren arauzko neurriak edo bestelakoak hartuko dituzte".

Hori horrela, Ibarrako Udalak ondorengo gomendioak hartzen ditu bere gain onartutako mozioan zehazten denez:

1.- Behar diren mekanismoak martxan jartzea emakumeen eta gizonen ordezkaritza orekatua izan dadin kide anitzeko organoetan, organo aholku-emailetan eta erabakiak hartzekoetan (epaimahaietan, auzitegietan, balorazio batzorde teknikoetan, e.a.) eta edozein herri organoetarako izendapenetan.

2.- Udal-programa eta politiketan generoaren ikuspegia inplementatzen eta sustatzen jarraitzea.

3.- Berdintasun-arloko gaikuntza indartzea, Formazio Plan bat eginez, udal arlo guztietako teknikarientzat eta politikarientzat, udal-programa eta politiketan berdintasun-printzipioa txertatzeko teknikari eta politikari horiei formakuntza emateko helburuarekin.

4.- Ahal den neurrian, Berdintasun sailaren aurrekontua urtetik urtera handitzea.

5.- Ibarrako Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako I. Planean jasota dauden neurriak martxan jartzea.

6.- Partaidetza-prozesuak erraztea ondorengo gaiak indartzeko gune bat antolatzearen gainean eztabaidatzeko eta gogoeta egiteko: berdintasun-politiken eragina eta garapena, emakumeen jabekuntza pertsonal eta kolektiboa eta generoko rol eta estereotipoak zalantzan jartzea emakume eta gizonen jarrera eta portaera berdinzaleagoak garatzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!