Erakutsiz ikasi

Erredakzioa ezagutuz

Ataria 2017ko martxoaren 2a

Ostiraletan 'Ataria'-k eskualdeko ikasleen bisita jaso izaten du 'Erakutsiz ikasi' programari esker. Azken bisitariak Ibarratik iritsi dira, Uzturpe ikastolatik.

Bi ostiral baliatu dituzte Ibarrako Uzturpe Ikastolako ikasleek ATARIA-ren eguneroko jarduna gertuagotik ezagutzeko. LH 5. mailako 16 ikasleren bisita izan zuen erredakzioak otsailaren 10ean eta beste horrenbeste neska-mutil gerturatu ziren San Estebango egoitzara otsailaren 17an.

Erakutsiz Ikasi programaren barruan burutu dira honako bisitak. Ordubetez erredakzio bateko eguneroko martxa ezagutu dute ikasleek: albisteen egitura, egunkari bat egiteak eskatzen duen lanketa, elkarrizketa baten aurrean nola jokatu, euskarri papera, irratia, internet ezberdinei nola erantzun... 

Ondoren, ikasitakoa praktikara eramateko aukera izan zuten ikasleek. Taldeka, ATARIA irratiko estudioan sartu, kaskoak jarri eta mikrofono aurreko jardunari ekin zioten neska-mutilek.

Egun batez kazetaritza lanbidea gertuagotik ezagutzeko aukera izan zuten Ibarrako Uzturpe ikastolako ikasleek.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!