#BadatozInauteriak 2017

«Talde izaera mantentzea oso garrantzitsua da inauterietan»

Rebeka Calvo Gonzalez 2017ko ots. 22a, 10:38

Irati Ozaita ibartarrak Gizarte Antropologia gradu amaierako lanerako Tolosako mozorroak aztertu zituen. Aitzakia besterik ez zen izan, taldean erabakiak nola hartzen diren aztertu nahi baitzuen.

Tolosako inauteriak aukeratu zituen Irati Ozaita Azpirozek gradu amaierako lana egiteko. Orain hilabete batzuk aurkeztu zuen Tolosako mozorroen atzean dagoena: inauterien alde ezkutua. Inauterietan ikertzaile betaurrekoak jantzi zituela dio eta horrek bestela ikusiko ez lituzkeen gauzak ikusteko aukera eman ziola. Izan ere, Ozaita ez da bereziki inauterizalea eta horregatik ematen zion atentzioa nola asko abenduan jartzen diren inauterietara begira. Inauteriak anabasaren festak omen dira, baina antropologoak dio, ezkutuko arau asko daudela.

Zergatik ‘Tolosako mozorroen atzean dagoena: inauterien alde ezkutua’?
Izenburu hori jarri nion mozorro bat edo maskara bat janzteko  prozesuaren atzean zer dagoen azaltzen dudalako. Taldean erabakiak nola hartzen ditugun da aztertu nahi izan dudana.

Nola antolatu zenuen lana?
Bi teknika erabili nituen. Behaketa parte-hartzailea deitzen dena, hau da, ‘ni ikertzailea’ jaian parte hartzea. Parte hartzearekin batera aztertu nahi nituen ikuspuntu horietan murgildu nintzen. Bestetik, elkarrizketak egin nituen, ikergaiak elkarrizketara eramanaz. Gaia taldean erabakiak nola hartzen diren aztertzea izen zenez, inauteriei dagokienez, hiru talde bereizi nituen: familia, kuadrilla edo lagun eremua eta konpartsa. Konpartsa eremua inauterietakoa da bakarrik, eta beste biak eguneroko bizitzan ere ikusi ahal dira.

Desberdintasunak al daude hauen artean erabakiak hartzeko garaian?
Batetik, familia eremua dago eta bestetik, kuadrilla eta konpartsa eremuak daude, oso lotuta daude. Konpartsa izan daiteke bi familiek baino gehiagok edo bi kuadrillek edo gehiagok osatutako eremua. Mozorrotzeko era desberdina da. Familia eremu malguagoa da, pertsona gutxiago daudenez denen nahiak errespetatzen saiatzen dira. Kuadrilla eta konpartsetan, aldiz, modu zehatzagoan aritzen dira. Oso antzekoak dira bietan ematen diren prozesuak. Erabakiak modu asanblearioan ematen direla esaten dute bi talde hauetan, baina inertziak eta botere harremanak daudela ikusi ahal izan dut eta ez dela horrela, atzean beti daudela lan edo zeregin jakin batzuk dituztenak eta abar.  

Sei elkarrizketa egin zenituen, ezta?
Talde horiek zehaztuta, adina eta generoa kontuan hartuta ahalik eta irudirik zabalena egiten saiatu nintzen. Elkarrizketetan taldeko mozorro aukeraketa prozesua nolakoa zen kontatzeko eskatzen nien.

Eta zein ondorio atera zenituen?
Hiru ondorio nagusi bereizi nituen. Mozorro berak zer sortzen duen, nola hartzen ditugun erabakiak taldean, eta inauterietan zein arau ezkutu dauden. Generoen araberako lan banaketa ematen dela ere ikusi ahal izan nuen. Lan ezkutu batzuk daudela, alegia. Adibidez, jostun lanak amek edo izebek egiten dituzte. Eremu pribatuan ematen da hau, emakumeek egiten dugun lana oraindik ezkutuan ematen den gauza bat da. Inauteriak gizartearen isla dira. Bestela ere ematen diren gauzak ematen dira inauterietan, baina beste era batera.

Arau ezkutuak daude, beraz.
Idatzirik ez dauden, baina betebeharreko arauak direnak daude. Mozorroak noiz jantzi eta noiz ez, hori arau bat da. Beste arau ezkutu bat da taldeko partaide guztiek jantzi behar dutela mozorro bera, behar bada, bakoitzak bere ezaugarriak emango dizkio, baina gaia bakarra da. Beste arau bat da hiru egunetan mozorroak aldatu behar direla eta baita urte batetik bestera ere, ezin dira errepikatu.

Ikertzailea lanak egiteko, parrandan ere murgildu zinen.
Kuadrillan egin ohi ditugun gauzak egin nituen, baina ikertzaile betaurrekoekin. Bestela ikusiko ez nituzkeen gauzei erreparatzen nien. Esaterako txosna gunean geundela neska bat negarrez ikusi nuen eta harritu egin nintzen. Abiapuntua izan zen kuadrilla horretara joan eta elkarrizketa bat eskatzeko. Eta horren atzean zegoena zen kuadrillan batzuk besteek baino lan gehiago egin zutela. Dena ez da horren asanblearioa...

Taldeko parte izateko mozorrotzea ezinbestekoa da, beraz.
Mozorrotzeak ematen du talde identitatea, bai taldean bertan eta baita taldetik kanpo ere. Beste taldeenganako irudi bat ere ematen du, identitate bat ematen du. Horrekin esan nahi dudana da mozorrotu nahi ez dutenek ezin dutela talde horretan parte hartu, ezkutuko arauak baitaude. Inauterietan ostegunetik larunbata arte ez da mozorrotu behar, baina bai txilaba edo buzoak jarri behar direla. Buzoen kasua deigarria da, duela bost edo hamar urte hasiko ziren horrela janzten eta talde bakoitzak bere kolorea du. Txupinazoan argi ikusten da bakoitza zein kuadrillakoa den, koloreen arabera.
Taldeko parte izatea garrantzitsua dela, eta inauterietan argi ikusten da. Ikusi ahal izan dudana da nola talde izaera oso garrantzitsua den bai norberarengan eta baita sozialki ere.

Inauteriak = anabasa binomioa hautsi duzu.
Ematen du araurik gabeko festa dela, baina ezkutuko arau asko daude. Ondorioetara eraman nuen hori. Ostegunetik larunbatera ez da mozorrotu behar, eta kanpoko norbait mozorrotuta agertzen bada, ‘hori kanpokoa da’ pentsatuko dugu eta esatera joango gara, haserre, jakinarazi egin behar diogu ezin dela mozorrotu. Eta berdin Zaldunitatik aurrera, mozorrotzen ez bazara behintzat txilaba jantzi. Kolektiboaren zantzua ere ematen baitu txilabak.

Mozorrotzean maskara berri bat jartzen dugula ere badiozu lanean.
Eguneroko gauzetatik ihes egiten dugu, eta maskara bat jartzeak barruan ditugun gauzak argitara emateko aukera ematen digu. Urtean zehar oso lotsatia dena, inauterietan maskara baten atzean jarrita, behar bada ez da horren lotsatia.

Datu historikoak ere bildu zenituen, ba al dago alderik oraingo eta orain urte batzuetako inauterien artean?
Historikoki oso datu gutxi eta zehatzak daude. Mozorroen inguruan ia ez dago ezer. Inauterien inguruan dauden ikerketak txarangen ingurukoak dira, esaterako, baina ez mozorroen inguruan. Egia da garai bateko argazkiak ikusita emakumeok eremu publikoa irabazi dugula ikusi dudala, lehen gizonena zen eremu publiko hori. Baina datu gutxi daude.

Mozorroen sailkapena ere egin zenuen, ezta?
Bai, alde batetik, tematikoak sailkatu nituen, gai jakin batekoak direnak eta dendara joan eta erosten direnak, urtero errepikatzen direnak. Bestetik, ekonomikoak daude. Asko errepikatzen zen gaia zen hori, jantziak ekonomikoak izatearena. Askok mozorroa aukeratzeko garaian alderdi ekonomikoari begiratzen diote. Lehen jostunarengana joatea oso ohikoa zen, baina hori garestia da eta errazagoa da ganberatik bi gauza hartu eta jantzia egitea. Jendeak lehendik dituen trajeak aldatu eta berrerabili egiten ditu asko. Aldarrikatzaileak eta euskal identitatea edo kulturarekin lotura dutenak ere badaude.

Mozorrotzearen atzean, erritmo aldaketa bat dagoela ere badiozu lanean. Zer esan nahi duzu?
Ikusi dudan beste kontu bat da mozorroek leku propioa hartzen dutela etxeetan, ganbaretan adibidez. Erritmo aldaketa bat dakartela ere ikusi dut, bai inauterietan eta baita aurreko hilabeteetan ere. Informazioa biltzen ari nintzela taberna batean egiten nuen lan eta tabernako giroan aldaketa nabarmena ematen zen. Egunerokotasunean kafea hartu eta ordu erdi edo ematen bazuten han, lehenagoko bi hilabeteetan kafea hartu eta segituan joaten ziren dena prestatzera.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!