Liburutegia martxan

Ataria 2017ko otsailaren 6a

Ibarrako Gazte Asanbladak liburutegia jarri du martxan, "gaur egungo egoera ulertu eta iraultzeko beharrezkoak ditugun tresna ideologikoak eskuratzeko".

Duela hilabete batzuk hasi ziren iburuak biltzen, eta irakurle txoko bat ere osatu dute hainbat egunkari, astekari eta irakurgaiekin. 

"Gazteon gehiengoak bizi ditugun egoera zailak ikusita, oso garrantzitsua da bereziki egun irakurzaletasuna sustatzea", azaldu dute Asanbladako kideek. Horretarako, ezinbestekotzat jo dute "historiako hainbat pertsonek herriaren mesedetara garatu dituzten jakintzak bereganatu eta egunerokotasuneko praktiken erdigunean jartzea". 

Asanbladako kideek azaldu dutenez, gaur egungo egoeraren irtenbideak "kolektiboa" izan behar du, eta liburutegiaren helburua da lanketa eta praktika kolektiboa sustatzea: "Liburuek ez dute jaberik, kolektibizazioan oinarritutako liburutegia da, eraiki nahi dugun jendartea bezalakoa, kolektibotasunean eta elkartasunean oinarritua". 

Herritar guztiak animatu dituzte liburutegian parte hartzera: "Liburutegi hau herriarena da eta herritarren inplikazioak soilik bermatuko digu honek ondo funtzionatu eta bere fruituak ematea".

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!