Iluntzean geratu gara, eguzkia sartu ostean. Plazan daude talde txikitan banatuta, esperoan, auto batetik makilak banatzen hasi diren arte. Makilak prest dituzte, nahiz eta zenbaitzuk geurea ekarri dugun. Era berean, orritxo batzuk eman dizkigute gaurko abestiekin. Auto ezberdinetan sartu eta landa eremua den Izaskun auzora abiatu gara.
Izaskun auzoa bi herrien gainaldean aurkitzen da. Baserri auzune bat da eta bertan Izaskun birjinaren ohorezko ermita eta bi jatetxe daude. Esan daiteke herri guztiek harrotasunez izaten duten beren mendialdeko eremua dela Izaskun. Gainera, Uzturre mendira joateko abiapuntu da. Bi herrietako biztanleek maitasun berezia diote lekuari eta istilu ugari izan da historian zehar, nahiz eta gaur egun lasaitasuna den nagusi. 1679 urteko paperek diote Tolosako alkatearen aginduz Ibarrako alkatea atxilotu zutela, Izaskun auzoko ermitan burutzen ari zen meza batean Ibarrako lurretan aurkitzen zela aldarrikatu zuelako.
Izaskun Ibarra da, hala baieztatu dit behintzat haren sarreran aurkitzen den panel handi batek.
Abarkak desagertzear diren mendea
Bertako jatetxeko ate sarreran bildu gara denak. 25 laguneko taldea: 11 emakume eta 14 gizonezko. Emakume gehienak 40-55 urte bitartekoak dira, nahiz eta 70 urte inguruko amonaren bat ere baden. Haien tartean udaleko kultur teknikaria aurkitzen da. Bi neska gazte ere badaude: trikitia eta panderoa. Gizonezkoen kasuan ere, bertsolariak dira gazteak, nahiz eta 12 urteko mutiltxo bat ere taldean izan (bertan du aita). Gainontzeko gehienak, 4565 urte bitartekoak dira.
Adin bateko jendea dago, eta gazteekin esperientzia elkarbanatzeko desiran dira, eskuak zabalik dituztela. Agertuko ote da facebooken bihar Santa Agedako argazkirik?
Jantziei dagokionez, baserritar jantzia deritzon soinekoekin eta lepoan zapiekin etorri dira emakume gehienak. Hala ere, badira bi besteetatik bereizgarri direna: amona eta bere alabak gaineko manta lila bat dute gainetik jantzita. Lila, Ibarrako kolorea da. Hauek biak dira abarkekin etorri diren bakarrak: goitik behera baserritarrez jantzita etorri diren bakarrak. Badirudi abarkak ez janztearena nahiko arrunta eta onartua bilakatu dela, besteok mendiko bota, zapata edota zapatilekin joan baikara. Galtzekin berriz, emakumeren bat eta gizonezkoak joan gara. Galtza gehienak baserritar deitzen zaien marra gris eta beltz finekoak dira, baina badira lanerako erabiltzen diren mahonezko, bakero edota mendiko galtza beltzekin etorri denik ere. Blusa beltza daramagu denok, zapia lepoan, txapela buruan eta ibili kantuan.
Gure moduan jantzita, gurekin batera, ibartar bilakatu diren Hego Amerikan jaiotako bi bikote daude.
Hasi da festa!
Jatetxea itxita dago deskantsu eguna dutelako, baina kantari taldeko arduradunak entsegu azkar bat egin behar dugula agindu digu bertako atarian: «Entsegura hiru bakarrik azaldu hittuen ta!».
Lehen urteetan pare bat entsegu egiten omen zituzten, nolanahi ere, gaur egun inor ez da azaltzen deialdietara. Eztarriak garbitu, trikitia eta panderoak berotu, eta bagoaz lehen baserrira haize bortitzak bultzatuta.
Etxeko atarian jarri gara, etxeko bikotea atera da irribarre batekin eta lehen abestia abestu dugu, edo dute. Ez nekien abestia, nahiz eta atzealdean atentziorik deitu gabe ezkutatzen saiatu, begiak sentitzen nituen espabilatzeko esanez. Orain ere sartu naiz marroi ederrean! esaten nion neure buruari.
Bueno… lehen abesti honek hala beharko du. Eta ostera koplen sarrera egiten duen errepika abestu dute:
Dios te salve, jende noblia,
Gabon jainkoak diela,
Legearekin kunpli dezagun
Santa Ageda bezperan
Nik ere hasi beharko legea konplitzen. Esker oneko bertso batzuk bota dizkiete bertsolari gazteek. Sumatzen zen jada gosetuta etxera sartu nahi zutela. Tortillak, txorizo egosiak, pastak, gazta… aurkitu ditugu etxe guztietan. Hauek bultzatzeko ardo onak (ardo ondua orokorrean) eta sagardoa. Badira mahai gainean freskagarriak jarri dituztenak ere, baina inork ez du ura jarri. Nahiz eta ura eskatzen zutenak baziren. Agian urak ez du prestigiorik? Itsusi geratzen da?
Hamaika baserri, hamaika errealitate
Hamaika baserritan izan gara, hamaiketan ireki digute. Hala ere, gero ohartu naiz antolatzaileek aurretik deitu egiten dutela bertaratuko garela esateko. Gustukoa dut etxe bakoitzean nor biziko ote den jakitea. Denetik da haietan: bikoteak, bikote gazteak seme-alaba txikiekin, bakarrik bizi den Amona…
Amonak begiak gorriturik ditu, gustura dago, pozik. Seme-alabak etxetik independizatuta bakarrik bizi da, eta irribarre zein emozio ezberdinekin eskertzen du bertara abestera joatea. Bestean bikote batek ireki digu atea, baina ez dakit ondorengorik baduten. Agian jada ez dute nahi gu joatean bertan egon. Haurrak dituzten etxeetan ez dute aukerarik: behartuta daude bertan egotera. Aitaren besoetan ezkutatzen den semea nekatuta dago, desorduak dira, baina aitak guri begiratzeko agintzen dio. Egon garen etxe guztietan haurrak lotsatuta daude, behartuta, urduri… baina familia guztiaren «postala» ateratzen da atera. Hauetako batean abestu, jan, abestu… eta denak atera arte itxaron dut. Bertakoa den aitari galdera luzatu diot: «Zein sentsazio bizitzen dituzu egun honetan?».
«Hasieran urduritasuna, pereza, obligazioa… gainera nire urtebetetze eguna da eta beste modu batean, jatetxeren batean afaltzen edo, ospatuko nuke. Baina oso gustura egon naiz eta eskertzen da herriko jendea etortzea, gutaz gogoratzea».
Sentipenen koktel bat nabaritzen da etxekoen artean. Sumatzen da urduritasun moduko bat eta era berean ilusio edo esker ona. Honaino etorri dira, abestu digute…
Urduritasun horren adierazle izan da azken aurreko etxera joatean bertako alabaren jarrera. «Zer ordu dira hauek? Goizago esan zeniguten…». Haserretu egin da, izan ere gaueko hamaikak jotzekotan dira. Denbora gehiegi agian zain egoteko, urduritasunari irabazten uzteko tarte handia. Baina ostera satisfazio puntu batekin agurtzen gaituzte. Bukatzean lasaitasuna eta harrotasuna nahasten direla dirudi.
Batzuk etxeko atarian mahaitxo batean jartzen digute otordua (agian etxera sartzea gehiegizkoa, pribatuegia). Beste batzuk aldiz barreneraino gonbidatzen gaituzte (esker on guztia erakutsi nahi digute?). Taberna batean ere izan gara, eta bertan gu ere erlaxatuago aurkitzen gara, espazio publikoa da. Abestu dugun abestia ere pikardiaz josia dago, tabernarien pikardiaren tankerakoa:
Aspaldi hontan ura garesti
Dabil esne ta ardoan,
Mahats gutxi izan arren ardorik
Ez da falta bazterretan.
Jesusek ura ardotu bazun
Kanaango eztaietan,
Orain ikasle azkarrak sortu
Dira hemen tabernetan.
Baserri batean bere ukuiluko sagardotegitxoan sartu gara. Bertako sagarrekin bi kupeletan sagardoa egiten du. Txotxa eta bertsoa, bertan irudikatu dut Txirrita. Antzinako irudi batean barneratu gara. Bertsoak abestu eta bertako egutegian bertara afaltzera joango garen eguna markatu dugu. Ez da sagardotegi publikoa, lagunarte eta familiakoekin konpartitzeko txokoa baizik, baina gu ere lagun kontsideratzen gaitu.
Hala sentitzen direla dirudi ere gurekin dauden Hego Amerikan jaio (Argentina, Ekuador…) eta Ibarran bizi diren bi bikoteak: taldeko kide. Biek papertxoa erabiltzen dute abesteko nahiz eta tutik ez ulertu. Besteek, buruz dakizkite abestiak eta geroz eta gusturago abesten dute ardoak lagunduko balie bezala. Herriko zenbait ekimenetan parte hartzeko ohitura dute, eta bertakoa lagunartea.
Bertsoak eta trikitia
Baserritarrez goaz, baina inongo baserritan ez dugu honelako jantzirik ikusi. Mendiko arropak ordezkatu du baserritarren arropa? Gai polita litzateke bertsotarako.
Baserritik baserrirako bidea trikitia eta panderoaren euskal abesti tradizionalek errazten dute. Gure ahots garratzak ere beraiek gozatzen dituzte. Baserrietara iristean abesti bat abesten da, etxekoak atera eta ostera koplak botatzen dira. Janka egin eta koplekin agurtzen gara. Musika neskek jartzen dute, mutilek bertsoa eta umorea.
Bertsoetan aldea sumatu dut. Hasierako baserrietan denak ziren laudorio eta esker on. Bukaerakoetan pikardia eta umorea gehiago nabaritu da: baserriko semeak teiletan lan egin eta ukuiluko eraikin berrian uralita jartzea, izugarrizko hotza egin eta mahuka motzetan egotea, beren txalet hark errege etxea dirudiela… edozein gai da aproposa pixka bat zirikatu eta irribarreak lapurtzeko. Hala ere, bertsolariak saiatzen dira bertsoak pertsonalizatzen bertakoen izenak erabiliz, edota haien ofizioei aipu egin, zein familiaz hitz eginez.
Hamaikak ederki pasata azken museo etnografiko bat dirudien baserri bateko ukuiluan abestu eta bagoaz elkartera. Ez gaude goseturik, bapo beteta, baina kantaldiari amaiera emateko herriko elkartean baratxuri zopa jateko ohitura dute.
Parte hartzaileen interesak
Bertsoetan ez da agertzen hau, baina oso presente dagoen gaia da. Batzuk tradizio eta ohiturak mantentzeko helburua dute. «Euskal» bat aurretik duten tradizio eta ohiturak. Izan ere, euskal nortasun eta identitateak garrantzia du ekimen honetan. Taldeko giroa ere polita da, esperientzia bizia, eta hau beti da lagungarri tradizio eta ohiturak mantentzeko. Oso polita da, dinamikoa, jatea, informaltasuna, bertsoa, umorea, laguntasuna… osagarri asko biltzen dituena.
Baserri eremua eta kalearen harremana sendotzeko helburua ere izan dezake, laguntasun akordio baten urteroko sinatze moduko bat kaxero-kalekume dikotomiaren gainetik. Abesteko aukera ematen duen eguna, edo baita, harremanak sortzeko aukera, atzerritar etiketa utzi eta bestelako laguntasuna sortzekoa.
Herriz herri:
Aduna
15:30. Elkartean elkartuko dira, lehenik eta behin ordubeteko entsegua egiteko.
Ondoren. Bi taldeetan banatuta, Gabonetan bezala, batzuk herriko goialdea zeharkatuko dute eta besteek behealdea.
20:30-21:00. Zabala Sagardotegian afaria. Eskolako eragileek (guraso eta ume) eta Sahararen Lagunak elkarteak antolatu dute ekimena.
Alegia
19:00. Santa Ageda doinuak kalez kalez zabalduko dituzte Txintxarri abesbatzak eta Zazpi Astoren Gainean bertso taldeak.
Altzo
16:00. Altzo-Azpitik abiatuko dira Altzoko Koruko kideak eta etxez etxe ariko dira kantuan. Elordi elkartean bukatuko dute santa eskea.
Amasa-villabona
10:00. Eresargi abesbatza bertsolari baten laguntzarekin aterako da kantuan, kultur etxetik. Baserritar jantziekin bertaratzeko deia egin dute.
Anoeta
15:00. Plazan elkartu eta lehenengo baserrietan abestuko dute, gero herriko kaleetatik ibiliko dira, eta bukatu Sarasola sagardotegian afalduz egingo dute.
Asteasu
16:30. Herriko trikiti taldea, Usarrabi abesbatza eta Bertso eskolako kideak eskean aterako dira, herriko plazatik hasita.
Bidania-goiatz
15:00. Santa Ageda bezperan kantuan ateratzeko pilotalekuan elkartuko dira, herrian barrena ibiltzeko.
Ibarra
10:00. Hauspoa kultur elkarteak antolatuta herriko plazatik abiatu eta ikastola dagoen alderdian ibiliko dira baserriz baserri. Eguerdirako itzuliko dira herrigunera eta Kirol Elkartean bazkalduko dute. Bazkarian parte hartu nahi dutenek 15 euro ordaindu beharko dituzte.
17:00. Izaskun aldera joango dira plazatik abiatuta.
Ikaztegieta
14:30. Ostatuan elkartu eta baserriz baserri ibili ostean, herria zeharkatuko du herriko emakume taldeak kantuan.
Tolosa
18:30. Ero Etxe elkartean elkartuko dira 19:00etan kalez kale kantuan hasteko.
19:00. Lizardin elkartu eta kantuan aterako dira, kaleetan barrena ibiltzeko.
Zizurkil
16:00. San Millan ikastetxeko guraso elkarteak Mendi Ballarako etxeetan abestuko dute, eta Iriarte kultur etxean afalduz amaituko dute.
18:00. Pedro Mari Otaño eskolako gurasoak, ikasleak eta irakasleak herritar guztiak gonbidatu dituzte abestera. Plazatik abiatuko dira.