Egun osoko jaia antolatu dute Santa Ageda bezpera dela eta

Ataria 2017ko otsailaren 1a

Santa Ageda larunbata izango denez, Hauspoa elkarteak egitarau zabala prestatu du; bazkaria ere egingo dute.

Ibarran Hauspoa kultur elkarteak du Santa Ageda bezperako kantu saioa antolatzeko ardura. Aurten ere ez dute huts egin, eta jada egin dituzte etxeko lanak. Santa Ageda bezpera larunbataz ospatuko da aurten, eta hori dela eta egun osoko egitaraua antolatu dute, bazkari eta guzti. Kantuan goizetik aterako dira, eta lehenengo ospel-aldetik ibiliko dira, eta gero, egutera-aldetik.

10:00etan abiatuko dira herriko plazatik eta ikastola dagoen alderdian ibiliko dira baserriz-baserri. Eguerdirako itzuliko dira herrigunera eta kirol elkartean bazkalduko dute. Bazkarian parte hartu nahi dutenek 15 euro ordaindu beharko dituzte.

ARRATSALDEAN IZASKUNERA

Bazkalostean egutera izango dute lagun. Izaskun aldera joango dira 17:00etan plazatik abitatuta. Kantuan ateratzeko entsegua ere egingo dute, eta hori bihar izango da, hilak 2, 20:00etan, Azkue kaleko hezitzaileen lokalean.

Kantuan atera nahi dutenek herriko elkarteetan eta Zubiaurre tabernan jarri dituzten zerrendetan eman behar dute izena eta azken eguna otsailaren 2a izango da. Hauspoak herritar guztiak gonbidatu ditu ekitaldian parte hartzera, «herri giroa sustatzeko eta ongi pasatzeko aukera ezin hobea» dela esan dute.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!