Urte Zaharretako krosak 2016

Urtezahar giroa Ibarran

Ataria 2016ko abenduaren 31

"Ibarran Urtezahar Krosa antolatzen denetik, beste giro bat izaten da egun honetan", esan du Ainoa Muñagorri antolakuntzako kideak. "Lehen denak Tolosara joaten ziren korrika egitera, eta Ibarra plaza hutsik geratzen zen. Orain, Ibarrakoak urtero arrakasta gehiago du".

Bosgarren urtez antolatu dute aurten. "Ideia atera zenean, pentsatzen genuen zerbait herrikoia izango zela, zerbait xumea, eta konturatu gara urtez urte gero eta arrakasta gehiago duela eta gero eta jende gehiagok parte hartzen duela, bai korrikan eta baita antolakuntzan ere". Aurtengoan 200 haur inguruk eta 140 heldu inguruk hartu dute parte.

Ibarrako Urtezahar krosean ez dago irabazlerik. "Ez genuen lehiakortasunean sartu nahi. Ez da denborarik hartzen, eta ez dago ez irabazlerik ezta galtzailerik ere", esan du Muñagorrik. Krosaren bukaeran, helduen artean 35 produktu zozkatu dituzte, eta haurrei goxoki poltsa bat banatu zaie.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!