Udalak Ibarra Martxaneko partaideei eskerrak eman dizkie

Rebeka Calvo Gonzalez 2016ko abenduaren 22a

Bataz beste, 46 pertsonak hartzen dute parte Ibarra Martxan ekimenean. Helburu bikoitza duen egitasmoa da, herriko pertsona helduen osasuna zaintzea eta baita harremanak egitea ere. Udal arduradunak oso pozik daude jarduerak astero-astero jasotzen duen erantzunarekin eta babesa eskertzearekin batera, aterkiak eta kapak oparitu dizkie.

Astero Uzturpe ikastolako DBH 4ko hainbat ikasleren laguntza izaten dute herrian zeharreko ibilbideak egiteko eta gaur ere han izan dira aterkiak eta kapak banatzen. Gaur goizean 50 lagun elkartu dira urteko azken ibilbidea egiteko eta abiatu aurretik abestu ere egin dute. Hurrengo hitzordua ere jarri dute; Gabonetatik bueltan urtarrilaren 12an egingo dute berriz ere, Ibarra Martxan.
Ixiar Arratibel zinegotzia izan da gaur goizean Ibarra Martxaneko erabiltzaileekin eta bertan boluntarioen lana eskertu du. Garagunea, merkatarien elkartea, San Bartolome parrokiako gaixoen pastorala, elikagaien bankua, Uzturpe ikastola, Ilarki etxez-etxeko elkargoa, Bizi Nahi erretirodunen elkartea, anbulatorioa eta Tolosaldeko osasun publikoa eta orokorrean, parte hartzen duten norbanakoak zoriondu ditu eta laguntza eskertu du Ibarra Martxanen arrakastaren giltzarri direla nabarmenduz.

Ibarrako merkatarien elkartearen laguntza ere azpimarratu du, hauek, hilean behin, zozketa egiten baitute erabiltzaileen artean. Ostegun honetan bertan Jokin Harategian egokitu da saria.

2016ko apirilean hasi zen ekimena eta bataz beste, 46 lagunek hartzen dute parte bertan. Egitasmoaren barruan, hainbat ekimen egiten dituzte, hala nola, ikasturte hasieran Etxaniz fundazioaren egoitzara bisita egin zuten.

Ikastolari dagokionez, DBH 4ko ikasleek hartzen dute parte boluntario bezala, horrela belaunaldi arteko ezagutza eta harremana sustatuz, "esan beharra dago, parte hartze honen ondorioz abenduaren 20an osasun etxeko erizain eta medikuen eskutik lehen sorospen ikastaroa jaso zutela", gogoratu du Arratibelek.

Ibilbideak Bizi Nahi erretirodunen elkarteko egoitzan bukatzen dituzte, eta bertako tabernako arduradunek prestatutako salda eta Mahalak eskainitako jogurtak hartzeko aukera izaten dute ibiltariek, eta hori ere eskertu du zinegotziak.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!