«Berriro ere izanen gaituk libre»

Ataria 2016ko abe. 17a, 14:23

Kalera, Kalera eguna antolatu dute gaur Ibarran. Eguerdian plazako aterpean egin duten ekitaldia, Garikoitz Ibarluzeari ongi etorria emateko baliatu dute. Egun osoan jarraituko du ekimenak.

"Askatasuna desiratzea, instintu bat izanen da. Berau ziurtatzeko inteligentzia eskatzen du. Ulertua izan behar du eta norberarengan. Eskatzailearentzat, subjektu konfesatua da. Aske denaren izpiritua falta delarik. Tiranoaren aurrean ahulezia da azaltzen. Aurka egitean. Horregatik ignorantzia da eta ez tiranoa. Norbera bere indarrarekin kontziente izateak, tiranoaren kontzientziaren galtzea dakar. Gobernu propioaren ideia ez da urrunekoa, baizik eta faktore libra ezin eta intimoa. Norbere gobernantza inperatibo naturala da, tirania gobernu propioa haurdunaldi okerra delarik. Askatasunaren lehen pausoa, berau falta dela onartzea da".

Oholtza gainean egin nahi izan ditu hitzok Ibarluzeak senideak ondoan zituela. "Etxeko ekipoa" eskertu du ibartarrak etxera itzuli ahal izateko egindako lanagatik eta baita ere herrian horren alde lanean jardun duten guztiak ere. "Herri antolatu batek bakarrik lortuko du gu izatea iheslarien azkeneko belaunaldia", esan du ekitaldian. Aske izateko gogoarekin itzuli dela nabarmendu du Ibarluzeak eta herri honek ere aske izan nahi duela.

Gaurko ekitaldian, atzo Luhuson atxilotutako herritarrak hartu dituzte gogoan eta haiek berehala aske uzteko eskatu dute. Asteon Marsellan atxilo hartu duten Manu Azkaraterekin ere akordatu dira eta haren askatasuna exijitu dute. Bukatzeko, berriki zendu den Jose Luis Rajado Benavente 'Txatarrini' ere omendu nahi izan dute eta iragarri dute abenduaren 23an egingo diotela Ibarran omenaldia.

Bazkari herrikoiarekin jarraitu dute egitaraua eta 17:00etan argazki herrikoia aterako dute Ibarrako plazan. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!