Gildari eskainitako asteburua, Ibarran

Ataria 2016ko abe. 16a, 17:26

Gipuzkoa mailan ospatzen den Gilda Egunarekin egin du bat, aurten, Ibarrak; igandean gildak banatuko dituzte .

Piperra gilda pintxoaren ezinbesteko osagaia izaki, Ibarrak Gipuzkoa mailan antolatzen den Gilda Egunean hartuko du parte lehen aldiz.

Gipuzkoako hainbat tabernatan gildak banatuko dituzte Gilda Egunaren harira, baina Ibarran zerbait berezia egin nahi izan dute, eta horretaz gain Gildaren Bikotea izeneko ekitaldia ere egingo dute larunbatean. Udaletxean 11:30etik aurrera, gilda pintxoari hobekien joaten zaion edaria aukeratuko dute. Horretarako hainbat sommelier, sukaldari eta kritikari gastronomikoren iritziak bilduko dituzte. Igandean, aldiz, gildak banatuko dituzte edariaren truke Ibarrako hainbat tabernatan. Era berean, musikaz girotuko dituzte kaleak.
Gilda Egunaren helburuak pintxo honek gastronomian erdietsi duen protagonismoa nabarmendu eta lortutako hedapena balioan jartzea dira.

Ixiar Arratibel udaleko kultura zinegotziak produktuaren jatorria eta forma ekarri ditu gogora Gilda Egunaren berri ematerakoan: «Ibarrako piperra Ameriketatik ekarritakoa dugu. Tenperatura goxoa duen, oso euritsua den eta 450 metrotik behera dagoen ibarraldera egokitzen joan eta eraldatu da. Apirila eta maiatza artean landatzen da. Sendoa denez ez du zainketa berezirik behar». Piperra eskuz jasotzen dela ere gogoratu du eta modu askotara prestatu hala bada ere gilda dela modurik «sonatuena» esan du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!