Defentsak eta fiskaltzak akordioa lortu dute, eta Ibarluzea ez da espetxera joango

Ataria 2016ko abenduaren 1a

Bi urteko zigorra jarriko dio Espainiako Auzitegi Nazionalak, baina ez du kartzelara joan beharrik izango.

Joan zen astean Espainiako Poliziak atxilotu egin zuen Garikoitz Ibarluzea, Madrilen. Londrestik zetorren hegazkin batean jaitsi zenean hartu zuten atxilo, Auzitegi Nazionaleko agindu bat baitzegoen. Epaileak baldintzapean aske utzi zuen atxilotu eta hurrengo egunean, eta gaur jakin da defentsak eta fiskaltzak akordioa egin dutela eta auzitegiak bi urteko zigorra jarriko diola. Aurrekaririk ez duenez, ez du presondegira joan beharko.

Erresuma Batuko Poliziak 2010eko martxoan atxilotu zuen Ibarluzea, Londresen. 2006tik bilatze eta atxilotze agindupean zegoen, kale erasoekin lotuta. Izan ere, 2002an atxilotu zuten Tolosaldeko beste zazpi gazterekin batera. Baldintzapean aske geratu ostean, 2006an epaitu zituzten, baina Ibarluzea ez zen agertu Auzitegi Nazionalera. 1999 eta 2002 artean hainbat kale erasotan parte hartu izana egozten diote.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!