Bihar 'Ataria' irratia, Ibarrako plazatik

Ataria 2016ko abe. 1a, 10:51

Euskararen Nazioarteko Eguna aitzakia hartuta kalera aterako da irratia, 'Pasahitza' saioa zuzenean egiteko 10:00etatik 12:00etara.

ATARIA irratiak urtean ihesaldi batzuk egiten ditu erredakziotik, eta urtea amaitzerako, eta Euskararen Nazioarteko Eguna larunbatean dela kontuan hartuta, Ibarrara egingo du bisita, bezperan.

Estudioa Ibarrako plazan muntatuko da, eta 10:00etatik 12:00etarako saioa egingo da zuzenean. Herritarren parte hartzea izango da saioan: Ibarrako udaleko ordezkariak, Uzturpe ikastolako ikasleak,... Esan behar da, Erakutsiz ikasi proiektuaren barruan, Uzturpeko hainbat ikaslek lehendik ere ezagutzen dituztela Ataria irratiko mikrofonoak Tolosako erredakziora etorrita, baina orain herrian bertan ikusi eta parte hartu ahal izango dute.

Euskararen Nazioarteko Egunaren bezperan, Galtzakomik Komiki Lehiaketako sariak banatuko ditu Galtzaundi Euskara Elkarteak, Ibarran bertan.

Hori dela eta, Galtzaundi elkarteko ordezkariak ere gonbidatuta daude eta beraiez gain, komiki lehiaketako lehen saria eskuratu duen komikigilea ere elkarrizketatuko du ATARIA irratiak.

KALEKO UHINAK

TOLOSALDEKO ATARIA-k urtero hainbat saio egiten ditu herrietatik. Irratia ezagutzera ematearekin batera, eskualdeko herri guztietatik igarotzen ahalegindu da urte guzti hauetan. Eta aurten esaterako, Tolosako Inauterietan, Migel Soroa Pilota Txapelketan, Tolosan egiten den Gipuzkoa Encounterren, Ikaztegietako Eskola Txikien jaian, Tolosako San Joan jaietan, Ataria Pilota Txapelketako finalean Villabonan, Alegiako Karmen jaietan edota udan Tolosako Usabalgo pistinetatik egin dira zuzeneko saioak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!