Udalak aurkeztutako helegitea baliogabetu dute

Rebeka Calvo 2016ko aza. 16a, 18:43

Ibarrako 2015. urteko festetako txupinazoa dela eta salaketa jarri zion EAEko fiskal nagusiak udalari; helegitea atzera bota dute.

2015eko Ibarrako festetako txupinazoa dela eta irekitako aferak aurrera jarraitzen du. EAEko fiskal nagusiak eskatu zuen herriko errepresaliatuen senideek bota behar zuten festetako txupinazoa debekatzeko, Carlos Urkijo Espainiako Gobernuaren ordezkariaren eskaerari jarraiki.

Egoera ikusita, udalak txupina ez botatzea erabaki zuen baina festetako esku orrian honen berri azaltzen zela argudiatuta, ez zuten epaitegietako bidea bertan behera utzi. Udalak helegitea aurkeztu zuen honen aurrean, eta Administrazioarekiko Auzietako Donostiako 1. epaitegiak baliogabetu egin du helegitea.

Fiskalak esan zuen Ibarrako Udala instituzio publikoa izaki, herri guztiaren interesak defendatu behar dituela, «neutrala» izan behar duela eta ezin dituela erabakiak aderdi politiko bezala hartu. Udalak helegitea jarri zuen erabakia ez zela EH Bildurena izan argudiatuta. Azpimarratu zuten EAJk alkatetza zuen garaian guztien artean bozkatu eta prestatutako zerrenda bati tiraka egokitu zitzailela herriko errepresaliatuei txupinazoa botatzea.

Donostiako epaitegiak, baina, ez ditu argudio hauek onartu eta helegitea atzera bota du. Esan duenez, ez da neutralitaterik mantedu, nahiz eta txupinazoa ez bota festak iragartzeko esku programan iragartzen zen eta esku programan gainera, euskal presoekin «identifikagarriak» diren ikurrak azaltzen ziren.

Ibarrako Udalak ez du erabaki oraindik zer egingo duen. Hilaren 24a arteko epea du sententzia honi helegitea aurkeztuko dion edo ez erabakitzeko, eta egoera aztertzen ari dira. Izan ere, honek guztiak kostu ekonomikoak ere baditu, eta ondo aztertu nahi dute auzia, kostuak herritarrei eragiten dietela kontutan hartuta.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!