[Gutuna] «Eskerrik asko Xabi»

Jexux eta Marijo 2016ko azaroaren 16a

Azaroaren 10ean hil zitzaigun Xabi Nogales Azurmendi, Ibarrako semea, emazte eta hiru alaben aita.

Hiru urtez ikusi degu behin eta berriz gaixotasunari aurre egiten. Bere inguruan egon garenontzat berarekin bizi izandakoak gure bizitzetan marka utzi du. Bere gertuko familia eta lagunak elkarrekin egon gara, berari, bere emazte eta alabei laguntzen. Baina guk ere asko jaso dugu beraiengandik: bizitzeko gogoa, borrokatzeko kemena eta adorea…

Bere ondoan elkartuta egoteak asko lagundu digu. Berak ere ez digu ezer ezkutatu, bere nahiak, minak, pozak, beldurrak, azkenerainoko umorea… Eta norbaitek esaten zuen bezela, gutako bakoitzean ikusten da Xabiren zati bat. Beilatokian jasotako babes eta laguntza guztia eskertzekoa eta hunkigarria izan dira.

Larunbat arrats ilun eta euritsuan eliza jendez gainezka, zutik, kanpoan. Han bildutakoak, fededun edo ez azken agur beroa emateko asmoa genuen. Benetan hotz gelditu ginen, herriko apaiza, berarentzat eta soilik berarentzat Jainkoa eta perfekzioaz hitz egiten entzutean. Ez genuen ulertzen eliza hutsik balego bezela hitz egitea. Futbolean esaten den bezela alferrik galdutako aukera garbi bat. Esan behar koruak, bere ahotsekin behar genuen berotasuna sortzen ederki lagundu zuela.

Kanpoan, plazako tabernan, lagunak elkarrekin zeuden, Xabik gustokoa zuen musikarekin. Elkartu ginen eta garagardoa eskuetan, besarkada eta malko arteko barreekin, pozik egin genuen azken agurra, berak nahi izan zuen bezela.

Dena pasa eta gero, bakea eta lasaitasuna sentitzen ditugu eta pena sentitu arren ez daukagu gaixotasunak eta heriotzak irabazi dutenaren sentsaziorik, alderantziz baizik.

Denok elkarrekin eta Xabi gurekin! Eskerrikasko Xabi.

Jexux eta Marijo

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!