Buelta emateko gai dira

Iñaki Amondarain 2016ko azaroaren 11

Beste larunbat arratsalde asko bezala, kiroldegira joan nintzen azkenekoan, baina oraingoan, harmailetara, TAKEren partida ikustera. Aurten taldea ikusteko aukerarik izan ez dudanez, gogotsu joan nintzen taldea animatzera.

Pas Pielagos talde kantabriarraren aurka zen partida, hauek aski ezagunak EBA ligan, nahiz eta fitxaketen ondorioz urtero taldea asko aldatu. Bi taldeak beraien lehen garaipena lortzeko helburuarekin zeudela ikusirik, partida parekatua espero zen.

Markagailuan atzetik joan zen TAKE partida guztian zehar eta nahiz eta azken laurdenean 10 puntura murriztu desabantaila, ez zen nahikoa izan eta kantabriarrek eraman zuten partida.
Esan beharra dago taldeak ez zuela azken unera arte amore eman eta hori, zaletuon ikuspegitik, eskertzekoa da.

Taldeak, aldaketa asko jasatearen ondorioz, ez du oraindik bere jokoa aurkitu eta ez da bere bertsio onena ematera iritsi. Denboraldia hasi besterik ez da egin eta horregatik, taldeari konfiantza eman behar zaiolakoan nago. Taldeko kideak aski ondo ezagutzen ditut eta egoera honi buelta emateko gai direla argi daukat.
Aurrera begiratzea besterik ez dago! Akatsetatik ikasi, gogor entrenatu eta benetan gauzak aldatu daitezkeela sinisteko garaia da! Animo TAKE!

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!