Izaskunerako errepidea hobetzeko lanak atzeratu dituzte

Ataria 2016ko azaroaren 7a

Konponduko duten bihurgunea

Ibarratik Izaskunera joateko errepidean dagoen bihurgune arriskutsu bat hobetzeko lanak atzeratzea erabaki dute. Gaur ziren hastekoak, baina eguraldia dela eta lanak atzeratu dituzte.

Behin lanak hasita, bi astez luzatuko dira.

Ibarrako Udalak esan duenez, aspaldiko eskaera zen bihurgune horretan konponketaren bat egitearena. "Kontuz ibili behar da bertan, bi kotxe poliki-poliki joanez gero pasatzen dira, baina arriskutsua da. Ikuseremu txikiko bihurgunea da. Oinezkoren bat joanez gero, autoak datozela entzun eta bide bazterrera sartu daiteke, baina bizikletek hartzen duten abiadurarekin, arazoak sortu daitezke", esan du udaleko Itziar Agirrezabala arkitektoak.

Errepidea 30 metroko luzeran 2 metro inguru zabaltzea da asmoa. Irailean bihurgunean zegoen Telefonikako zutabea lekuz aldatu zuten.

Lanek, proiektua kontutan hartuta, 37.237 euroko aurrekontua dute eta Gipuzkoako Foru Aldundiak 13.651 eurorekin lagunduko du, landa eremuko bideak txukuntzeko emandako diru laguntza baten bidez.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!