«Esprinter izatetik maratoi luze bat egitera pasa naiz»

Rebeka Calvo Gonzalez 2016ko urr. 13a, 08:00

Zarrakamalda komiki liburua argitaratu berri du Iñaki Martiarena Mattin marrazkilariak. Ia 300 orrialde dituen lana da eta Porlandian kokatu du «prekarietate ekonomiko eta afektiboan» bizi den Lokatza protagonista. 

Lokatzaren bozeramaile lanetan dabil azken asteetan Iñaki Martiarena Mattin marrazkigilea. Zarrakamalda komiki liburua aurkeztu berri du. Lan mardula da Zarrakamalda eta bere bilakaera pertsonal eta profesionalean jauzi bat dela esan du, are gehiago, «ahalduntze grafiko» bat izan dela nabarmendu du. Komiki liburuak aldarrikapenetik baduela dio, baina harago iritsi nahi izan duela, «eraiki edo sortu» nahi izan du, Lokatza protagonistak bezala. Baina hor dago koxka edo drama; «ez diote eraikitzen uzten».


Lokatza da Zarrakamaldako protagonista, txanponak landatu ditu 50 euroko landareak jaioko direlakoan. Pertsonaia itxaropentsua irudikatu nahi izan al duzu?  
Nik oso ondo ezagutzen dudan pertsona da Lokatza, baina ez naiz ni. Batez ere, mina dauka Lokatzak. Prekarietate ekonomiko eta afektiboan bizi da. Ez da kokatzen. Ekomiki honek Lokatzaren bilakaeraz ari da, Lokatzaren kronika egiten du; bere lekua aurkitu ezinik dabilen pertsona baten kronika da, historia.

Ekomikia aipatu duzu, genero berri bat sortu duzu.
Eta oso eroso nago. Atera kontuak Ekolurra aldizkarian tira batekin hasi nintzen eta Ekokomikia zuen izena. Zarrakamaldan itxuraz nekazaritza da haria, baina sakonean gai gehiago tratatzen edo ukitzen ditu komikiak. Ez da guztiz landa eremuko historia bat, hiri-nekazaritzako istorio bat dela esango nuke. Haria da Lokatza eta bere bilakaera, gorabeherak eta borroka. Lubaki batean bizi da eta barruan daukan korapilo hori askatzeko bere lekua aurkitu behar du. Errotu, bestela erotu, esango nuke.

Gizarte honetako joera da hori, geroz eta gauza gehiago ditugu inguruan eta aldi berean geroz eta isolatuago gaude.
Nire bizipenetan oinarritutako lana da, baina kritikari eta irakurleek esan beharko dute. Egia da baten batek jada esan didala komikia soziala dela eta gaur egungo gaiak tratatzen dituela, puri-purian dauden gaiak. Hori horrela da.

Badirudi inguruak Lokatza erasotzen duela.
Hain zuzen ere hori da betiko gaia, norbera, pertsona, nola kokatu inguruan eta inguruarekin zein harreman duzun ikustea. Hor hainbat aukera dituzu; ingurua aldatu eta edertu, edo egokitu. Lokatza kinka horretan dago.

Ez da istorio itxia, irakurle bakoitzak osatu dezake.  
Hori da eta irakurri dutenek esan didate oso irakurterraza dela eta oso dinamikoa. Egia da nik ere ahalegina egin dudala oro har, grafikoki, formatuarekin... Esprinter izatetik maratoi luze bat egitera pasa naiz. Atera kontuak, ia 300 orrialdetako lana da. Gidoi aldetik bai saiatu naizela elkarrizketak lantzen. Hain zuzen ere komiki bat paperezko zinema bat da eta ahalegin ikaragarria egin dut.

Nola antolatu zara komiki luze hau egiteko?
Nire bilakaera pertsonal eta profesionalean horrelako liburu bat egitea falta zitzaidan. Prentsa eta fanzinea dira nire jatorria eta hortik ateratzeko bilakaera bat behar nuen. Batez ere, idazten hasi nintzen; elkarrizketak, pasarteak, gogoetak... eta ondoren etorri zen grafismoa edo marrazkia aukeratzea, eta behin hori erabakita, pixkanaka-pixkanaka, egitura eginda, osatzea tokatu zen. Lan handia izan da. Oso pozik nago. Komikizalea eta ez dena ere beteko dituelakoan nago.

Ez daukagu komikiak irakurtzeko ohiturarik.
Hain zuzen ere autoafirmatze ariketa bat izan da. Are gehiago, ahalduntze grafiko bat izan dela esango nuke, komikiak ikaragarrizko aurreiritziak ditu, umeei lotutako produktutzat hartzen da eta gogoa neukan helduei zuzendutako komiki bat egin eta historia mardul bat osatzearena.

Lokatza eta Porlandia.  
Lokatza Porlandian bizi da, eta ez da kokatzen Porlandian, eta zer edo zer egin behar du larritasun eta ezinegon horrekin. Bere lekua eraiki nahi duen pertsona baten historia da.

 

 

 



Antimilitarismoa, AHTa, zezenketen aurkako mugimendua... Aldarrikapen oihua berriz ere.
Gure jatorria hori da, ukaezina da, kontrakulturan, aldarrikapenean kokatzen naiz. Gu belaunaldi jakin batekoak gara, gure erreferentziak horiek izan dira, baina nire burua bai ikusten dudala bilakaera batean; komikitik ilustraziora salto egin nuen, haur literaturara batez ere... Egia da lan honek baduela jatorriko kutsu bat, baina ez naiz erabat jatorrira itzuli. Hortik harago doan lana da; ez da aldarrikapen soilean geratzen eta kito.

Eraiki ere egiten du...
Hori da, hor dago koxka, baina hortxe dago Lokatzaren drama ere, ez diotela eraikitzen uzten. Eraiki baino, sortu izan daiteke egokiagoa. Jakin badakigu sormena dela estres psikologikoak bideratzeko modu bat.

Zergatik Zarrakamalda izenburua?
Baserri munduko lanabes bat da, eta lanabesak historiaren muina biltzen du; sasiz betetako eremu bat nola garbitu. Tresna hori eskutan izan nuenean eta erabili  nuenean, ez nekien nola izena zuen eta jakin-mina sortu zitzaidan. Filologismoan ito gabe, baina hiztegian hitza aurkitzerakoan ikaragarri gustatu zitzaidan hitza; doinua, esanahia... dena. Bere barruan gauza asko biltzen ditu: malda, aldapa... Hitz anakronikoa da, doinu polita du, zaharra da... Asko gustatu zitzaidan eta segituan etorri zitzaidan izenburua izango zela. Historiaren mamia biltzen du; sasiak, borroka hori, aldapa, Porlandia aldapatsua baita...

Sinbolismoz betetako lana da hau ere.  
Noski. Nire lanik pertsonalena da eta lotuta dago ahalduntze grafiko eta autoafirmatze horrekin. Horrelako lan bat behar nuen.

Lan mardula egiteko beharra zenuen, beraz.  
Behar nuen bai. Komikigintza oso baztertua egon da, plazarik ez du izan, plaza falta du komikiak, eta buruari eragiten ondorio horretara iritsi nintzen; liburu formatuan istorio bat kontatu behar nuela. Baina ez nekien zenbat orrialde izango zituen. Alboratze horretatik ateratzeko beharra eta gogoa neukan. Adierazi nahi nuen komikia hor dagoela, eta negarrez egon beharrean, egin, komikia hor dagoela adierazi. Publikoak jakin dezan badagoela historia bat kontatzea komiki baten bidez.

Eta lortu duzu.
Bai, eta jada irakurri dutenen aldetik kritika onak jaso ditut. Oso kontentu nago.

Zarrakamalda aipatu dugu, liburuaren izenburua, baina ez da liburuan agertzen den baserri munduko hitz bakarra, pedagogia pixka bat egin nahi izan duzu?  
Noski, gidoia egiterakoan oreka bat bilatu nahi nuen. Komikia hitza eta irudia dira eta babarruna arbari lotzen zaion bezala, nik hitza eta irudia kiribildu ditut. Irakurlea ez nuen ito nahi doktore-tesi batean, informazioa ale aleka eman dut. Lan handia egin dut elkarrizketetan, hutsuneetan, isiluneetan... Gidoia ere lan handia izan da.

 

 

 

 

Umorea ere erabili duzu.
Umorea minari aurre egiteko erabili izan dut beti. Arkatzaren mina eta mina. Horregatik da Ekomiki bat, porlanak jan gaitu, eta min horri aurre egiten saiatu naiz. Ez dut katastrofista izan nahi, baina hori horrela da, eta nik irtenbideak eman nahi izan ditut. Ez nuen salaketan geratu nahi, nire ekarpen xumea da.

Belardoren istorioekin jarraitzen al duzu?
Belardo jeloskor dago, Lokatza gora eta behera, arreta eskatzen ari zait. Eta zalantzarik gabe Belardo beste lan ildo bat da. Agian egia da haur eta gazte literaturak batzuetan baduela arriskua sobera gozoa izatearena, eta posible da Lokatzaren bitartez amorru hori bideratzea.

Belardok esan ezin dituenak Lokatzak esaten ditu, beraz.
Baliteke. Baina egia da ere, ezin direla konparatu. Belardo koloreen mundua da eta aipatu dudan bezala nire bilakaeran zuri-beltzetik kolorera egin nuen salto.

Belardo esprinterra da gainera...
Hori da, istorio motzetan ibiltzen da. Eta iritsi zen momentu bat nire bizitzan zeresan asko neukala, ganberan gauza asko nituela, eta Belardoren bitartez ezin nituen atera, formatua aldatu behar zen.

Eta hustu al zara?
Momentu honetan ospatu beharko nuke. Ospatu eta gero tiraderan baditut bizpahiru proiektu. Gutxi barru beste bi lan aterako dira. Batetik, ilustratzaile bezala, Cristina Enea fundazioak ipuin liburu bat argitaratu du, koloreetan, eta horretan ilustrazioak egin ditut, oso liburu polita da; eta bestetik aurki Altzaren historia azaltzen duen liburu ederra aterako da. Eta gainontzean sortzen jarraitzen dut, bi arloak uztartuz, artea eta natura. Bi oinarri horiek ditut.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!