Kolore ta gustu guztiak

Rebeka Calvo Gonzalez 2016ko ira. 28a, 09:30

Marce Tena margolari ibartarrak ikasleen lanak bildu ditu Benito Izagirre Kultur Etxean, bosgarren aldiz. Kolore biziko koadro zein eskulanak dira.

Kultur etxea kolorez jantzi du Marce Tena margolari ibartarrak. Marrazki eskolak ematen ditu herrian bertan eta ikasturtean zehar egiten dituzten lanak erakusketa batean bildu ditu. Ez da lehen aldia, hala ere, mota honetako bosgarren erakusketa baita; «ikasturteari amaiera erakusketa honekin ematen diot, nahiz eta irailean izan, eta eskola berriak urrian hasten ditugun. Ekaina bitartean aritzen gara». Lanak ikusteko azken egunak dira, urrian kenduko baitituzte.

Erakusketan 5 eta 14 urte arteko 35 haurren lanak ikusi daitezke. Era askotako lanak dira, baina denek dute bereizgarri bat: oso koloretsuak dira.

«Denetarik egiten dugu eta hemen horren lagin bat ikusi daiteke; koadroetako batzuk akriliko pinturan eginak daude, akuarela lanak ere badaude, errotulatzaileekin eginiko mandalak ere ikusi daitezke, manley margoak ere erabiltzen ditugu, bolumena eman ahal izateko akrilikoa mastikarekin nahastuta eginiko lanak ere baditugu...», esan du. Eskulanak ere egin dituzte, globoak egin dituzte, maskarak, txorientzako etxetxoak... Eta denak ikusi daitezke kultur etxeko areto nagusian.

Eskulanak eta koadroak lantzen dituzte batez ere, baina urtez urte egin beharreko lanen zerrenda aldatzen joaten da ibartarra. «Gaiak zehazten ditut eta ikasturtean zehar garatu egiten ditugu. Lehen saioetan txartel didaktiko batzuekin aritzen gara lanean eta hortik abiatuta asko ikasten dute», azaldu du.

Ikastaroko lehen zatia beraz, marrazki koaderno batekin aritzen dira lanean eta bigarrenean beste arlo batzuk lantzen dituzte. Makillajea esaterako. Urtero gai bat aukeratzen dute eskulanen adar hori jorratzeko eta aurten txoriak landu dituzte. «Gorputza ere eraldatu daitekeela ikusten dute horrela, eta beti eserita egon ordez, mugitu ahal dira», azaldu du margolariak.

HAURRAK ETA HELDUAK

Erakusketan haurren lanak biltzen baditu ere, helduentzako eskolak ere eskaintzen ditu Tenak. Horiek goizean izan ohi dira.

Haurrak eta helduak zeharo desberdinak direla dio: «Haurrek ez dute beldurrik, zer egin behar dugun esan, azalpenak eman, eta segituan hasten dira lanean, beldurrik gabe». Helduek berriz, beste «muga» batzuk izan ohi dituzte. «Haurrek gauzak oso argi dituzte. Txikienek zalantza gutxiago dituzte», esan du. 

Ikastaroez gain, erakusketak egiten jarraitzen du Marce Tena eta negurako ere zerbait prestatzen ari dela esan du. Orain hala ere, ikasturteko eskolak prestatzen ari da, esan bezala berak egingo dituzten lanen laginak egiten baititu, haurrek zer egin behar duten ikusi dezaten.

IKASTAROA

Ezaugarriak. 5 eta 17 urte arteko haurrak astean behin, ordu t'erdiko edo bi orduko saioak. Informazio gehiagorako 647 96 19 15.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!