Ibarra, azoka eta piparra

Irati Saizar Artola 2016ko irailaren 18a

Ibarrako plaza inguruak postuz bete dira gaur goizean. Euriaren aitzakiarik ez da izan kalera atera eta azokaz gozatzeko. 

San Bartolome plazan eta Emeterio Arrese parkean izan da besteak beste gaurko azoka. Artisauen postu eta tailerrek hartu dute San Bartolome plaza. Tartean, XIX. tolosaldeko ezti lehiaketa ospatu dute. Emeterio Arrese parkean berriz, Ibarrako baserrietako produktuak erosteko aukera izan da eta abereak egon dira ikusgai. Horiez gain, Euskal Herriko piparraren VII. topaketa ospatu da eta leku ezberdinetatik gerturatutako piperrak dastatzeko aukera zabala izan da. 

Euriaren babesean, Ibarrako Piparraren Euskal Herriko XII. lehiaketa ospatu da pilotalekuan. Lehiaketa bi zatitan banatu da; batetik, piperrada egin dute eta pintxoak egin dituzte ondoren. Piperradarik goxoena Fermin Zubillaga eta Iñigo Olano ibartarrek egin dute eta txapela janzteko ohorea izan dute; bigarren postuan Patxi Lago eta Jesus Orcajo geratu dira eta podiumean sartzeko aukera izan dute Tomax Nuñez eta Joxe Ramon Irigoien donostiarrek. Pintxo lehiaketan, bosgarren aldiz jantzi dute txapela Patxi Lago eta Jesus Orcajok, gaurkoan, bi sari irabazi ditu bikoteak. Joxe Mari Barriolak eta Pello Urkizuk egindako pintxoa izan da hoberena epaileentzat eta hirugarren geratu dira Juantxo del Olmo eta Carlos Ruiz de Aretxabaleta. 

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!