Korrikako saioa aldatuta dator mendi duatloia

Rebeka Calvo Gonzalez 2016ko ira. 8a, 08:00

Ibarrako VI. Mendi Duatloian mendi gehiago izango dute korrikalariek; ibilbidea ezagutu nahi duenak gaur du hitzordua.

Ibarrako Piparra Mendi Duatloiaren seigarren edizioa izango da larunbat honetan, hilak 10. Egin beharreko lana gutxi gorabehera urterokoa da, baina bada berrikuntzarik, izan ere, aurten eta beste urteetako parte hartzaileen eskariari jarraituta, korrikalariek asfalto gutxiago eta mendi gehiago izango dutela esan du antolatzaile lanetan dabilen Juan Zubiak.

Ia denen eskura

Ibarrako Mendi Duatloiak hiru proba ditu; haurrena, proba herrikoia eta proba luzea. Haurrak goizean aterako dira eta beste bi probak arratsaldean izango dira. Duatloia ez da bereziki gogorra Zubiaren esanetan, baina aurrez kirol pixka bat egina izan behar du parte hartu nahi duenak. Proba herrikoiaren eta luzearen arteko desberdintasunez galdetuta bi ezaugarri nabarmendu ditu Zubiak: «Herrikoia laburragoa da eta bizikletaz egin beharreko zatian Zazpi Bideetatik gora joanda dagoen jaitsiera teknikoa ez dute egin behar».

Luzean zati hori da hain zuzen, «konplexuena». «Zazpi Bideetako igoera gogorra da eta goitik-beherakoan teknika pixka bat behar da. Pixka bat ibiltzen direnentzako ez da apartekoa, baina honetan ibilia izan behar du parte hartzaileak», azaldu du.

Antolatzaileek, dena den, eskualdeko jendea animatu nahi dute proba herrikoia egitera; «kirol pixka bat eginez geroz ez dute arazorik izango ibilbidea egiteko eta giro polita egoten da. Amaitutakoan, afari-merienda egingo dugu plazan». Larunbata aurretik ibilbidearen berri izan nahi dutenek izango dute aukera, gaur bertan ibilbidea egiteko hitzordua egin baitute 18:00etan Ibarrako plazan.

Gustuko lana

Mendi duatloia Sendi Ekintzak eta Ibarra Kirol Elkarteak antolatzen dute, eta gustuko lana bada ere, egitekoak asko direla dio Zubiak. «Ibilbidea markatu eta garbitu, babesleak lortu, sariak lotu eta prestatu, kronometratzailea lotu... lana eta kostua du honek».

Irabazleek sariak jasoko dituzte eta horretaz gain parte hartzaileek hainbat produkturekin prestatutako poltsak jasoko dituzte. «Poltsetan ibarrako piperrak, Mahalako esnekiak eta sagardoa sartzen ditugu eta beti saiatzen gara teknikoa den zerbait sartzen, aurten kamiseta bat sartuko dugu», esan du.

Probak

  • Haurren proba. 7 eta 13 urte artekoak 11:00etan.
  • Proba herrikoia. 14 urtetik gorakoak 16:00etan. Egin beharrekoa: 2,5 kilometro korrika, 7 kilometro bizikletan eta 2,5 kilometro korrika. Izen emateak 12 euro balio du.
  • Proba luzea. 16 urtetik gorakoak 16:10ean. Egin beharrekoa: 5 kilometro korrika, 15 kilometro bizikletan eta 2,5 kilometro korrika. Izen emateak 15 euro balio du.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!