San Bartolome Jaiak 2016

«Guk izugarrizko beldurra diogu kontzertuari, baina, ikarak hautsi egin behar dira bizitza honetan»

Iñigo Otaegi 2016ko abu. 22a, 18:46

Eguzki Azkarate (2001), Imanol Ruiz (1999), Julen Galarraga (1999) eta Ander Pagola (1997) Oztopo musika taldeko kideak dira. Gogotsu daude bihar hasiko diren San Bartolome jaietarako, izan ere, abuztuaren 28an kontzertua eskainiko dute herriko plazan. Gazte Festetan lehen kontzertua eman zuten arren, igandekoa izango da beraien «estreinaldi ofiziala».

Nondik otu zitzaizuen musika talde bat sortzearen ideia?

Hasiera batean, instrumentuak ikasten hasi ginen geure kasa. Behin gustua hartuta, talde batean jotzera ausartu ginen, oholtza gainean musika egitea zer moduzko esperientzia den probatzearren. Gauzak horrela, pixkanaka entseatzen hasi ginen.

 

Nolatan Oztopo izena?

(Barreak) Ideia ugari pentsatu ostean, parranda batean geundela, Oztopo bururatu zitzaigun eta gustatu egin zitzaigun.

 

Akaso oztopo asko izan dituzuelako zuen bizitzan?

(Barreak) Ez ez, oraindik gazteak gara eta; horrekin ez du zer ikusirik (barreak).

 

Zenbat kidek osatzen duzue taldea? 

Nahiz azken aldian pertsona bat probatan dabilen gurekin, lau pertsonek osatzen dugu taldea; denak Ibarrakoak eta lagunak gara.

 

Musikaren pasioa nondik datorkizue?

Musika betidanik gustatu izan zaigu. Kontu bat da entzutea, eta bestea jotzea. Musika taldeak oholtza gainean nola disfrutatzen zuten ikusten genuen, eta ohartu ginen guk gauza bera egin nahi genuela. Ikaragarri motibatzen gaitu gitarra eskuetan hartu, eta jendaurrean musika jotzeak.

 

Aurrerantzean, motibatu zuek soilik ez, gainontzekoak ere motibatuko dituzue.

(Barreak) Hori beste gauza bat da; jendeari gustatzea ez da lan erraza izaten.
 

Oso talde gaztea zarete, baina, beldurrik ez diozue erronkari.

Guk izugarrizko beldurra diogu kontzertuari (barreak), baina, ikarak hautsi egin behar dira bizitza honetan. Azken batean, zerbait lortzeko esfortzua egin beharra dago, eta gu dena emateko prest gaude.

 

Azkenaldian, mugimendurik edo ilusio berezirik antzeman duzue zuen ingurukoengan?

Gaztetxean beti galdetzen digute taldeagatik, baita familian ere. Beraiek ere gogotsu daude, eta horrek indar berezia ematen du igandekoari begira. Gainera, gaztetxeko zenbait kidek entseguetara joan nahi izaten dute.

 

Ze estilotako musika jotzen duzue?

Bertsioak jotzen ditugu gehienbat: punk, rock, heavy. Musika gogorraren aldeko apustua egiten dugu. Besteak beste, Piperrak edo Su ta Gar bezalako taldeen abestiak jotzen ditugu. Oraindik estilo definiturik ez dugu, bertsioak jotzeak ez baitu definitzen talde baten estiloa.

 

Nahiz askoren ustetan zuen lehen kontzertua igandekoa izango den, Gazte Festetan izan zen oholtzara igo zineten lehen aldia.

Bai, hala da. Esperientzia oso polita izan zen. Aurretik oso urduri geunden, eta behin taulara igo ondoren, asko gozatu genuen. Kontzertu hura lagunarteko giro batean eman genuen; igandekoa oso ezberdina izango da.

 

Abuztuaren 28ko kontzertua hortik harago doa. Herriko festetan, plaza beteta, ezezagunak begira...

Aurrerapauso handi bat izango da, gure estreinaldi ofiziala. Gaztetxean ez daukazu ekiporik; herriko festetan audio teknikari eta argi teknikariak daude. Gainera, plaza oso handia da gaztetxearekin alderatuta; eta lepo egon ohi da kontzertuetan. Oholtza altuera handikoa da, eta jendea hain goitik ikusteak, ilusio berezia pizten du.

 

Aurrera begirako proiekturik baduzue?

Gehiago ikastea. Denborarekin, bertsioak alde batera utzi nahiko genituzke, eta pixkanaka, gure kantuak sortzen hasi.

 

Etorkizunean, Oztopo taldearen diskorik egongo al da salgai?

(Barreak) Nahi bai. Oraindik ez, halere, gogoa badugu gerora begira.

Zuen abesti propiorik baduzue?

Kantu bat eginda daukagu dagoeneko. Halere, abesti bat ez dugu asko sakondu; azken hilabeteak kontzertuari eskaini baitizkiogu. Oraingoz, ezin dugu kantuaren gainean gauza handirik esan (barreak).
 

Entseguak zenbat aldiz egiten dituzue?

Orain egunero ari gara entseatzen. Udalak uzten digu lokal bat, eta bertan entseatzen dugu. Ordutegi bat daukagu, eta egia esan, baimendutakoa baino gehiago ari gara joaten.

 

Etorkizunean non jotzea gustatuko litzaizueke?

Imanol Ruiz: Nik Donostiako Aste Nagusian joko nuke gustura, portuan. Hitz handiak dira, baina, giro paregabea egon ohi da kontzertu guztietan.

Eguzki Azkarate: Viñarock jaialdian, zalantzarik gabe.

Julen Galarraga eta Ander Pagola: Guk gaztetxean jotzen jarraitu nahiko genuke. Ibarrakoan, eta gainontzeko herrikoetan ere bai.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!