Gazte festen balantze baikorra, eta jada festei begira

Andoni Uzkudun 2016ko uzt. 19a, 11:46

Gazte festen antolakuntzako kideek batzarra egin dute jaien inguruko hausnarketa egiteko; sanbartolomeen txanda da orain.

Hogei bat pertsona elkartu ziren pasa den asteazkenean gazte festen inguruan hitz egiteko, eta lehen balantzea baikorra izan da.

Egitaraua zehatz-mehatz begiratu eta ekitaldi bakoitza aztertuz abiatu zuten bilera. «Gaizki eta ondo egindako gauzak ikusi ditugu, eta akatsetatik ikasiz, datorren urtean hobetzeko puntuak jarri dizkiogu», azaldu dute. Egitarauaren ostean, antolakuntzaren balantzea egiteari ekin zioten, lanak nola partekatu zituzten, zer moduzko antolamenduarekin eta jendearen erantzuna nolakoa izan zen ikusiz. Ondoren, sentipen pertsonalak zer moduzkoak izan ziren baloratu zuten: «Jendeak, oro har, oso gustura geratu zela aipatu zuen, ez soilik gazte festen antolakuntzarekin, baizik eta aurretik izandako bilakaera guztiarekin», gehitu dute antolakuntzako kideek.

Izan ere, aurtengoa «ezberdina» izan da gazte asanbladako kideentzat. Beste urteetan, beraien artean antolatzen zituzten gazte festak eta ez zuten herritarren parte hartzea ikusten. «Ez ginen erabat gustura sentitzen, eta zerbait ezberdina egiteko asmoa genuen». Denborarekin zebiltzanez, herrira zabaltzea erabaki zuten, «herritarrek zer nahiko luketen entzuteko eta denen parte hartzea bultzatzeko».

Hala, emaitza positiboki baloratu dute antolakuntzatik, jendearen parte hartzea nabarmendu dute: «Handia izan da, eta adin ezberdineko jendea topatu dugu bertan; hori oso interesgarria da ezberdin pentsatzen dugun jendearekin elkartzea aberasgarria eta onuragarria delako eta elkarren arteko harremanak bultzatzen laguntzen duelako». 

Beste alde batetik, ekitaldiei ere erantzun «handia» eman diola herriak azpimarratu dute, eta horrekin «oso pozik» geratu dira: «Azken finean prestaketa lanetan denbora bat igaro eta gero, herriaren erantzun bat izatea asko eskertzen da. Aurtengoan adibidez, elektrotxarangan jende asko egon da eta baita igandean ere. Beste urteetan igandeko egunean ez zen jende asko gerturatzen baina aurtengoan bai». Esperientzia «polita» izan dela adierazi dute antolakuntzatik eta esperientzia horrekin «beteta» sentitu dira.

Gazte Festen inguruko gogoetaren ostean, Ibarrako San Bartolome jaiei begirako proposamenak egiteko tartea iritsi zen pasa den asteko batzarrean, eta, hain juxtu, batzar horiei jarraipena emanez, gazte egun bat antolatzeko ideia ere nagusitu zen. Aste honetan bertan beste batzar bat egingo dute, festei begirako antolakuntzarekin jarraitzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!