Ekitaldiz beteriko uda aurretik Alurr dantza taldeak

Andoni Uzkudun 2016ko uzt. 13a, 12:28

Euskal herri osoan zehar ibiliko dira dantzan, lehenengo geldialdia Ezpeleta izango dute.

Ordizia, Lazkao edo Herri Urrats izan dituzte azken geltokiak Alurr dantza taldeko kideek. Udari begira jarri dira ordea jada, taldeko txikienen oporrekin batera. Uztailaren 16rako, Ezpeletan ospatzen den Gauargi jaialdira joateko gonbidapena jaso du Ibarrako dantza taldeak. Duela hamaika urte egon ziren azkenekoz bertan dantza taldeko kideak. Oroitzapen onak gordetzen dituzte bertan izan ziren dantzariek eta dantzari izan zirenek. Gogotsu nabari dira eta buru belarri ari dira entseatzen Ezpeletara begira. Ibarrak eta Ezpeletak, beti izan dute harreman handia, urruti egonagatik ere. Uztailaren 15ean joango dira bertara Ibarrako 30 dantzari inguru eta bertakoen etxeetan hartuko dute ostatu. Egipto, Bretainia, Thailandia, Letonia eta Ukrainia bezalako herrialdeetako dantzariak ere izango dira Gauargi jaialdian. Bertan emanaldiez gain, kalejiran ere ibiliko dira herrian zehar dantzariak.

Uztailaren 23rako, bi deialdi dituzte dantza taldeko neska-mutilek. Talde bat Lekeition izango da aitzinako ezkontza ospatzen. Aurten 40 urte beteko dira Lekeitioko antzinako ezkontza egiten hasi zenetik. Arratsaldean, desfilearen ondoren, Alurr dantza taldeak Sorkuntza Tradiziotik ikuskizuna aurkeztuko du Lekeitioko plazan arratsaldeko 20:00etan. Egun berean, Miranda de Ebrora joango dira gazte topaketetako jardunaldietan dantza egitera, Mirandako dantza taldeak gonbidatuta. Alurr dantza taldeak Bi Punturen Artean ikuskizunaren zati bat aurkeztuko du. Uztailaren 31ean, Pasaian ariko dira

Abuztuan berriz, tradizio bihurtu diren ikuskizunak izango dituzte eskualdean. Abuztuaren 1ean, Altzon izango dira. Bi herrien arteko harremana handia da eta herriko txikienek ikuskizuna eskainiko dute gaualdean. Hortik bueltan, Berastegira joango dira. Ondoren, opor txiki batzuk hartzeko aukera izango dute nahiz eta deskantsatzeko denbora askorik ez eduki, abuztuaren 24an, berriz ere ikuskizuna eskainiko baitute Bidanian. Aurten lehenengo aldiz, gauez eskainiko dute ikuskizuna. Abuztuaren 27an, etxean ariko dira, Lanabesak ikuskizunari amaiera ematen. Bertan, «gaxte eta gazteak» ariko dira oholtza gainean. Beste alde batetik, aipatu behar, aurtengoan Haatik dantza konpainia izango dela Ibarrako festetan. Bertan, Alurr dantza taldean ibili diren eta eskualdeko dantzariak dituen ikuskizuna eskainiko dute. Urte asko zeramatzaten Ibarrako San Bartolome jaietara ekarri nahian eta azkenean lortu dutela adierazi dute.

Dantza taldeko kideen esanetan, «geroz eta zailagoa da mantentzea. Diru murrizketak daude eta ikuskizunak egitea zaila da. Dantza konpainiak badaude laguntza txiki bat jasotzen dutela baina herriko dantza elkarteek geroz eta zailagoa dugu. Geroz eta zailago edukitzeak, etengabeko berrikuntzan egotera behartzen du dantza taldea. Ikuskizun bat egiten ari diren bitartean, hurrengoari ekiten diete horrek ekartzen duen lan guztiarekin. Ilusioa behar-beharrezkoa da eta jendearen laguntza izatea herriko ekimenak aurrera ateratzeko oinarrizkoa».

Azkenik, matrikulak zabalik daudela ohartarazi dute dantza taldetik. Uztailaren 4tik, irailera bitarte izango da izena emateko epea eta ohiko lekuetan, kultur etxean edo Alurr dantza taldearen web orrian,www.alurr.net.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!