Hordagoa Ibarraren eskutik

Ataria 2016ko uzt. 8a, 12:40

Arrakastatsua izan da Ibarran ospatu den hirugarren mus txapelketa, gaur izango dira finalak 22:00etatik aurrera.

Ibarrako hirugarren mus txapelketa amaierara iristear dago. Hordagoa irabazi dute aurtengoan ere txapelketako antolakuntzako kideek. Gaur, ostirala, ospatuko dira finalak Ibarrako Xepla elkartean. Txapelketan, 175 bikotek parte hartu dute aurtengoan eta finalean, 32 bikote ariko dira irabazteko lehian. Aurtengoan ere, Ibarrakoak izan dira parte hartu duten bikote gehienak, baina izan dira Ibarrakoak ez diren bikoteak ere, tolosarrak, larrauldarrak...

Ostiraleko finalean, 64 lagun ariko dira txapelerako lehian, horretaz gain, zerbitzariak eta laguntzaileak ere elkartuko dira Xepla elkartean gaueko 22:00etatik aurrera. Gaua luzea izango da baina ikuskizuna ziurtatua dago. Saria aurtengoan ere handia izango da. Bi mila euro inguru bildu dira eta lortutako dirua, sarietarako zuzendua izango da. Lehenengo sei bikoteek gutxienez sariren bat eskuratuko dute. Orain arte ere izan dira sariak, esaterako, kanporaketa bakoitzean, izena ematerakoan lortutako diruaren erdia jasotzen zuten irabazleek, beste erdia berriz finaleko egunerako gordetzen zen. Baina bigarren saria, tabernariak jartzen du eta hori eskertzekoa da. Aurtengo txapelketa, giro lasaian joan dela aitortu dute antolakuntzako kideek. Aurreko urteetan eztabaida batzuk sortu izan direla aitortu dute sarirako bidean, beti ere errespetua mantenduz.

Herriko tabernen parte hartzea

Txapelketa aurrera ateratzeko, behar beharrezkoa izan da herriko tabernen parte hartzea. Hamabi taberna izan dira parte hartu dutenak aurtengo txapelketan: Norte, Atari, Alai, Izaskun, Danon txokoa, Sendi-ekintza, Karlatz, Gaztelubide, Arkaitz azpi, Txumitxa, Zubiaurre eta Izaskun jatetxea. Astero- astero, partidak jokatzeko agertokiz aldatzen ibili dira taberna ezberdinetan partidak jokatuz eta giroa sortzen herrian zehar.

Aurtengo txapelketan, berrikuntza nagusietako bat, partidak larunbatetan jartzearena izan da, baina ostiral gauetan giro hobea lortzen dela aitortu dute antolakuntzako kideek. Datorren urteari dagokionez jarraitzeko gogoz eta ilusioz daudela adierazi dute, baina berriz ere ostiral gauetako partidetara itzultzeko intentzioarekin agertu dira. Antolakuntzako kideez gain, herriko jendearen laguntza behar-beharrezkoa dela ohartarazi dute txapelketa aurrera eramateko eta beti agertzen dira laguntzeko prest, adirazi dute.

Harremanak sortzea helburu

Herriari bizia ematea eta ekimen ezberdinak aurrera ateratzeko beharra ere goraipatu dute, mus txapelketa bezalako ekimenek giro ederra sortzen dutelako herrian. Adin guztietako jendeak parte hartzen du bertan eta elkar ezagutzeko eta harremanak sortzeko bide ederra izaten da. Jende gazte askok parte hartzen duela onartu dute, gaur egungo partaide gehienak 30 urte ingurukoak dira, baina badaude 73 urteko bikoteak ere. Gazteekin erreleboa segurua dela jakinarazi dute datozen urteei begira eta baita mus jokoaren biziraupena ere.

Txapelketa, apirilaren 16an hasi zen eta hamabi jardunaldi ospatu dira. Lehen aipatu bezala, hirugarren txapelketa izan da aurtengoa eta ez da azkena izango. Duela hiru urte herrian sortutako elkarte bat «aurrera» ateratzeko diru sarrera «txiki bat» izateko asmoz hasi zen dena, eta bide batez taberna ezberdinetan elkartzen ziren herritarrak «nahastu» eta euren artean harreman «gehiago» izateko aitzakiaz ere sortu zen. Hasieratik herritarrengandik erantzun ona jaso zuen ekimenak eta gaur egun, urtean zehar jendeak asko galdetzen duela txapelketaren inguruan, aipatu dute antolatzaileek. Aurtengoa amaitutzat emango da eta ibartar asko datorren urteari begira daude jada.

 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!