«Hainbat belaunalditako emakumeak batzea izango da datorren urterako helburuetako bat»

Andoni Uzkudun 2016ko uzt. 6a, 13:04

Duela hiru hilabete abian jarri zuten Ibarrako Emakume Taldea, eta Nerea Arregi kideak orain arteko ibilbidea aztertu du, aurrera begirako erronkak azaltzearekin batera.

Atzo elkartu ziren Ibarrako Emakume Taldeko kideak urte amaierako bilera egiteko. Gogoa nabari zaie, etorkizunari begira eta jende berria batzeko ateak irekita. Gaur egun emakume gazteak biltzen dira, baina aurrera begirako helburu garrantzitsuenetako bat belaunaldi desberdinak batzeko eta elkarren artean ezagutzeko leku bat izatea da.

Zein beharretatik sortu da Ibarrako Emakume Taldea?

Ibarran emakume talde bat izatearen beharra ikusi genuen, herrian emakumeen parte hartzea garrantzitsua delako. Horregatik eta, harreman sareak sor zitezen, emakume talde bat abiaraztea erabaki genuen.

Non eta noiz elkartzen zarete?

Hasiera batean kultur etxean elkartzen hasi ginen baina, azken aldi honetan, Alurr dantza taldearen lokal zaharrean batzen gara. Normalean, gure bilerak hilean bitan egiten ditugu, asteartetan.

Jende asko biltzen zarete?

Azkenaldian, hamasei pertsona inguru elkartzen gara. Garrantzitsua eta polita da, azken finean, adin tarte ezberdinetako emakumeok gaudelako bertan. Betidanik, elkar ezagutu izan garen herritarrak gara, baina, emakume taldeari esker, pertsona bezala ezagutzen ari gara. Ezagunak izatetik, pertsonalki ezagutzera pasatzen ari gara, eta hori oso polita izaten ari da.

Jendeari irekita al dago emakume taldea?

Ibarrako emakume guztientzako irekita dago eta, gainera, emakume hitza erabili nahi izan dugu, adin guztietako jendea biltze aldera. Emakume gazteen taldea edo halako izenen bat hautatzea hizpide izan genuen, baina argi geneukan hainbat belaunalditako emakumeak batzearen garrantzia handia zela. Gaur egun, 30 urtetik beherako emakumeak gaude, baina, gure helburua da, hainbat egitasmoren bitartez, adin tarte desberdineko jende berria batzea.

Eskualdean beste emakume talde batzuk ere sortu dira. Harremanik ba al duzue zuen artean?

Bai, haiekin harremana badugu; gehienbat Anoetakoekin, baina baita Tolosa eta Villabonako taldeekin ere. Zenbait ekintza antolatu ditugu elkarlanean; adibidez, Ibarrako Gazte Festetan, brigada feminista antolatu genuen, Anoetako Emakume Taldeko boluntarioekin batera. Ezagutzen garenez, une zehatzetan elkarrekin lan egiten dugu.

Zein dira aurrera begira dituzuen aurreikuspenak?

Uztaila amaitzerako, hurrengo ikasturteko plangintza osoa lotuta utzi nahi dugu. Egia da aurrekontu txikia dugula eta, edozer egiteko ere, dirua behar izaten dela. Beraz, bide berriak jorratu nahi ditugu baliabide ekonomikoak lortzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!