Bigarren mailan jarraituko du Jexuxmari Mujikak

Asier Imaz 2016ko uztailaren 5a

Gipuzkoako finala jokatu da Usurbilen; lehen mailarako txartela Julen Alberdik lortu du, Eneko Otañoren aurretik bukatuz.

Gipuzkoako Bigarren Mailako Aizkolari Txapelketaren finala jokatu zen igandean, Usurbilen. Sei aizkolari aritu ziren lehian, eta saria bakarrak zeukan: hurrengo denboraldian lehen mailan aritzeko aukera.

Eguerdian hasi zen finala, eta ezustekoa egon zen. Eneko Otaño zen faborito argia, baina Julen Alberdi nagusitu zitzaion beizamarrari. 13 minutu eta 46 segundoan amaitu zituen egin beharreko lanak: 54 ontzako lau enbor eta 60 ontzako bina enbor moztu behar zituzten. Eneko Otaño izan zen bigarrena, 14 minutu eta 21 segundoko denborarekin. Hortik atzera, 16 minutura joan ziren Xabier Zaldua, Jexuxmari Mujika eta Luis Mari Txapartegi.

Azkena Aratz Mugerza izan zen, 19:08ko denborarekin. Mujika ibartarrak, beraz, laugarren egin zuen Usurbilen, eta bigarren mailan jarraituko du. Aldiz, Julen Alberdi jada lehen mailako aizkolaria da. Berez hurrengo denboraldira arte itxaron beharko luke, baina lehen mailako txapelketan aurten parte hartu ahalko du, Olasagastiren lekua betez, gonbidatu bezala.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!