Etorkizuneko Ibarra definitzeko bidean beste pauso bat eman dute

Maier Ugartemendia 2016ko eka. 15a, 12:25
Irudian, Ibarrako Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren lehen onespena jaso duen agiriko plano bat.

Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren lehen onespena eman du udalak, eta orain agiria herritarrei aurkeztuko diete pleno aretoan egingo diren bi bileretan.

Ibarrako Udalak lehen onespena eman dio Hiri Antolamenduko Plan Orokorrari (HAPO); orain alegazioetarako tartea zabalduko da eta aurretik udalak herritarrekin bilerak egingo dituzte orain artekoak aurkezteko ekainaren 28an eta 30ean, 18:30ean, udaleko pleno aretoan.

Plana lantzen, ordea, urteak daramatza udalak. Itziar Agirrezabala udal arkitektoak azaldutakoaren arabera, 2012an hartutako erabaki batean hasi zen, eta erabaki hori lehenagotik «onartzeko bidean zegoen agiri hori gaur egun dagoen egoerara birmoldatzea» izan zen.

Tokiko Agenda 21ekin batera eta parte hartze prozesu baten bidez «berrikusi» egin zen, eta lur-jabe nagusienekin kontaktu bat egon zen euren «asmoak» zeintzuk ziren jakiteko, eta alegazio epea zabaldu aurretik ere lur-jabeei aurkeztu zaie plana.

Bestalde, plan hau ezaugarrituko zuen beste datu bat etxebizitza kopuruarena izan zen. Izan ere, kopuru hori «murrizteko» joera zegoen eta gerora, Eusko Jaurlaritzako agindua ere etorri zen. Agindu horren arabera, plan honetan Ibarran «300 etxebizitza» eraiki daitezke, «gehienez». Horrekin batera, arauak baldintzatzen dituen beste faktorea Mikel Agirrezabala alkatearen esanetan, Ibarra errekak zeharkatzen duela da eta hortaz, uholde arriskua duen eremu «asko» ditu.

Ondorioz, etxebizitzei dagokienez, plan honetan «eremu txikiak berregitea» jasotzen da. Horretarako, «lehen egoera txarrean dauden eraikin horiek berreraikitzea eta egokitzea» aurreikusten dute, lehen dagoen etxebizitza kopurua «handituz». Bestalde, lehen baratzak ziren gune batzuk ere «okupatuko» lirateke, Gurutzeaga eta Errekondone-Ezeizanea gunean. Aldiz, ez lirateke ukituko Zume, Montes eta Arane baratza guneak. Halaber, «hutsuneak ordenatuz» Ibategi eta Zaldune eremuek herria handitzea eragingo lukete, eta errekara begira jarriko litzateke, errekaz «disfrutatzeko» eta gune berdeak izateko uholde arriskua duten eremu horietan. Hain zuzen ere. Era berean, zubi txiki batek Ibategiko eremua eta plaza ere lotuko lituzke.

Landa eremua eta etxebizitzen gaiari dagokionez, baserrietan «eraikinaren arabera, handitu ahal izango da onartu ditzakeen etxebizitza kopurua» Itziar Agirrezabalaren esanetan. Eta ustiapen aktiboari lotuta daudenei «handitzea» onartzen zaie, ez badute «dimentsio batzuetatik gorako bolumena».

ETXEBIZITZEZ HARAGO

Udalaren ekipamendu beharrei erantzuteko, berriz, Zaldunen orube bat gordeko litzateke «egunen batean ekipamendu handi samar bat egiteko». Eta Zaldunen bertan eta Errekondone-Ezeizan aparkalekuetarako eremu «handi samarrak» gordeko lirateke. Nahiz eta, horiek garatu bitartean, Ibategi inguruan behin-behinean aparkalekuak jartzeko eremuak egokituko liratekeen. Izan ere, Mikel Agirrezabalak argi dio Ibarrak aparkalekuekiko «defizita» duela eta gaia mahai gainean dute.

Izaskun auzoan, herritarren eskaera ere bazen «ekipamenduetarako lurra» jartzea, baina lurrak «pribatuak» dira eta «ez dugu aurkitu orain artean behintzat erabilera publikoa jartzeko aukera emango lukeen lurrik».

Eremu industrialei dagokienez, Leaburuko errepidean, Apatta industrialdearen azpialdean, dagoen industri gune «garatu gabe» bat «desagertu» egiten da eta landa lurrak bihurtzen dira. Aldiz, Apattako industrialdearen bigarren fasean garatzea jasotzen da.

Apatta kalearen eta industrialdearen artean, berriz, berdegune «erabilgarri» bat ezarriko litzateke «aisialdirako». Bi eremuak bidegorri batekin lotuko dira.

SAIHESBIDEA KONTUTAN

Gipuzkoako Foru Aldundiaren errepideen planean jasotzen den Ibarrako saihesbidea, Belauntzako errepidea eta Apatta industrialderako biribilgunea lotzen dituena, kontuan hartuta dago planean Itziar Agirrezabalaren esanetan, «horretan oinarrituta ulertzen da zentzua duela etxebizitzak garatzea» gune jakin batean. Izan ere, Mikel Agirrezabalaren iritziz Euskal Herria kaleak «neurriz kanpoko» trafikoa dauka egun, eta gaia «aztertu beharra» dago.

AURRERA BEGIRA ZER?

Herritarren parte hartze prozesua burutu zenean, herritarrengandik jasotako iruzkinak eta planean jasotzen ez direnak «jasota daude, eta beste sail batzuetan bideratzen» saiatzen ari dira Agirrezabala arkitektoaren esanetan. Izan ere, guztia ezin da plan orokor batean jaso.

HAPOari lehen onespena emanda, agiria «jendaurrean» jarriko da. Behin Aldizkari Ofizialean argitaratu ostean, helegiteetako epea irekiko da, 45 egunekoa. Tartean, bi batzar egingo dituzte herritarrekin lehen agiriaren inguruko azalpenak emateko; aipatu bezala, ekainaren 28an eta 30ean izango dira.

Helegiteen epea amaitutakoan, horiek aztertu beharko dira, eta hortik aurrera oraindik prozesu «luze» bat izango dute behin betiko HAPOa izan aurretik. Aurreikuspena 2017 amaiera edo 2018 hasierarako egiten dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!