Bi atxilotu Ibarran, marihuana modu ilegalean landatzeagatik

Ataria 2016ko ekainaren 10a

Ertzaintzak 43 eta 49 urteko bi gizonezko atxilotu ditu bart, osasun publikoaren aurkako delitua egotzita. 

22:00ak aldera, kalamu landareak auto batera sartzen ari zirela atzeman dituzte, eta gerora baieztatu ahal izan dute Ibarrako erdiguneko lokal batean modu ilegalean landatzen zituztela, inbernaderoak erabiliz. 

Barruan landare horiek hazteko beharrezkoak diren elementuak topatu ditu poliziak, hala nola, lanparak, aireztatze hodiak eta tenperatura neurtzeko tresnak. Horrekin batera, 30 kalamu landare topatu zituzten. 

Azken asteotan lokal horren inguruko bizilagunen kexak jaso ditu Ertzaintzak, marihuana usain handia zegoela argudiatuz. Ondorioz, Oriako Ertzain-etxeko agenteek kontrol dispositiboa abiarazi zuten.

Atxilotutako bi gizonezkoak guardiako epailearen aurretik igaro dira gaur goizean. 

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!