Eskualdera ere iritsi dira raid probak

Tolosaldeko Ataria 2016ko eka. 9a, 16:12
Raid lasterketetan mendi bizikletaz eta korrika egiteaz gain, jokatzen den lekura egokituta hainbat proba berezi biltzen dituzte. Argazkia: IBAI PINEDO

Uztailaren 2an, Ibarran, jokatuko da I. Ibarraldea Abentura Raida; kirola, orientazioa eta estrategia biltzen dituen proba izango da

Uztailaren 2an, orientazioa, abentura eta kirola lotzen dituen raid proba bat jokatuko da Ibarran: I. Ibarraldea Abentura Raida. Euskal Herrian jokatzen den ligaren barruan kokatuta dago proba, eta liga horretan zein Europako ligako proba batzuetan parte hartzen duten Maitane Garmendia eta Beñat Doyharzabal dabiltza antolakuntza lanetan, beste hainbat pertsonen laguntzarekin.

Abentura Raidak «orientazioa oinarri hartuta kirol modalitate ezberdinak proba berdinean biltzen dituzten probak dira», Garmendiaren esanetan. Mendi bizikleta eta trekkinga izaten dira kirol «ohikoenak» eta horiei «proba bereziak» gehitzen zaizkie: eskalada, piragua, rappela, memoria jokoak... «Lekuaren arabera» aldatzen dira proba horiek.

Ez dira proba ezagunak raidak, eta eskualdean kirolari asko egon arren, lehen aldia izango da horrelako proba bat jokatzen dena. Garmendiak eta Doyharzabalek «aspalditik» zerabilten euren herrian bertan horrelako proba bat antolatzeko ideia, izan ere, beraiek «hiru urte» daramatzate Euskal Herrian jokatzen den ligan parte hartzen, eta Doyharzabalen esanetan kirola «ezagutzera emateko» beharrezkoa ikusten zuten horrelako lasterketa bat hemen egitea. Horregatik, eskualdeko jendea proban parte hartu eta raid mundua ezagutzera «animatu» nahi dute, zeren jendearengan jakin-mina nabari dute, eta interesa duenak Ibarran horretarako aukera izango du: «Guk animatu nahi dugu inoiz probatu ez duen jendea parte hartzera». Zazpi orduko proba izan arren, «gogortasuna eta maila norberak jartzen dio», eta «ibilbidea mozteko edo errazago» egiteko aukera dagoela dio Garmendiak. Hortaz, «edozein mailatako» kirolarientzat «aukera polita» da.

Bikoteka parte hartzen da proba hauetan eta Ibarran aukera izango dute emakumezkoek, gizonezkoek eta mistoek parte hartzeko. Ligako proba gehienetan bezala, proba 10:00etan hasi eta 17:00etan amaituko da. Ondoren, dutxatu eta bazkaltzeko aukera izaten da. Taldeen artean «giro ona» sortzen da, eta denen artean lasterketari buruz hitz egiteko aukera izaten dute. Gainera, materialen zozketa eta sari banaketa izango da. Saria maila bakoitzeko lehen hiru sailkatuek izango dute, eta Tolosaldeko lehen sailkatuek ere, maila guztietan, sari berezi bat jasoko dute.

ESTRATEGIAK BEHARREZKOAK

Raid mota ezberdinak daude, eta Ibarrakoak ere bere ezaugarriak izango ditu. Ipar Ligako proba guztiek bezala, Ibarrakoa «gehienez» zazpi ordutakoa izango da. Bertan ohikoa den moduan mendi bizikleta eta trekkinga izateaz gain «lau proba» berezi izango ditu eta «hiru etapatan» banatuta egongo da. Denboran bezala, distantzian ere «maximo» bat egongo da, eta «norberaren gaitasunaren eta estrategiaren arabera erabaki beharko du zer ibilbide aukeratu».

Izan ere, proba honetarako kiroletako gaitasunaz gain orientazioa eta estrategia ere oso garrantzitsuak dira. Ibilbidean zehar kontrol puntu ezberdinak egoten dira, baina «ez da beharrezkoa denak hartzea». Hor sartzen da estrategia, bikote bakoitzak erabakitzen baitu zeintzuk hartu eta zeintzuk utzi. Irabazlea puntu gehien lortzen dituena izango da, eta puntuetan berdinketa egongo balitz «denbora gutxien» behar izan duena izango litzateke irabazlea. Zazpi ordu horietatik pasaz gero, berriz, «zigortzen» hasten da.

Azken momentura arte ez dira lasterketako mapak banatzen, hortaz, parte hartzaileek lehenago «zenbat etapa egongo diren, eta gutxi gorabeherako distantzia eta desnibela» jakiten dituzte. Aipatu bezala, hiru etapa izango ditu Ibarrako probak. Lehena, Ibarra eta inguruetan egingo den «herri orientazioa» izango da, eta «proba berezi bat» izango du, uretakoa. Gero plazan bizikletak hartu, eta ibilbide bat egingo dute «trantsizio puntu batera» iritsi arte, trantsizio puntu horretan trekking zirkular bat egitera abiatuko dira, lehengo puntura itzuli, bizikletak hartu, eta beste ibilbide bat eginez helmugara iritsiko dira: «Trekkingean beste proba berezi bat sartuko dugu eta bizikletan beste bi proba berezi egongo dira».

Lasterketa hauetan jendeari «estutasun» gehien sortzen diona orientazioaren gaia dela uste dute, baina behin probatuta «jende guztiari gustatzen» zaiola diote. Hala ere, horrelako proba batean lehen aldiz parte hartuko duten pertsonentzat, probaren aurreko astean ikastaro bat antolatuko dute arratsalde batean «lasterketa nondik nora joango den, arauak, eta zalantzak azaldu eta argitzeko».

Izena eman nahi duenak lasterketarako prestatu duten blogean (ibarraldea.blogspot.com) eman dezakete; bertan aurki daiteke lasterketari buruzko informazio osatuagoa ere. Bestalde, facebook orrialde bat ere badute: ibarraldeaRaid. Ekainaren 21era arte izena ematen dutenek 55 euro ordaindu beharko dituzte, eta ekainaren 22tik 28ra 65 euro bikoteko. Izena emateko epea, hortaz, ekainaren 28an amaituko da. Izena ematen duten lehen 60 taldek, lasterketarako ateratako kamisetak jasoko dituzte opari.

PARTE HARTZETIK ANTOLAKUNTZARA

Euskal Herrian jokatzen den Ipar Liga zortzi probak osatzen dute, eta Garmendia eta Doyharzabal Ibarrakoan antolatzaile lanetan ibiliko direnez, ezingo dute parte hartu, baina azken urteetan bezala beste probetan parte hartzen ari dira: «Zortzi probetatik sei dira puntuagarriak, ez daukazu zortzi probetan parte hartu beharrik liga irabazteko». Hemengo ligaz gain, Europako Ligako bi probatan parte hartzeko asmoa ere badute. Batetik, uztailean Pirinioetan Europako Txapelketa jokatuko da eta bestalde, urrian lehen aldiz, Euskal Herrian ere Europako Txapelketako proba bat egingo da. Horiek biak dira Garmendia eta Doyharzabalen aurtengo «bi helburu nagusiak».

Parte hartzaile izatetik antolatzaile izatera pasako dira Ibarraldeko proba honetan. Zonaldeari dagokionez horrelako proba bat antolatzea erraza izan dela diote «Tolosaldean mendiz inguratuta» baikaude, eta «aukera asko» eskaintzen baititu inguruneak: «Oso ingurune polita daukagu hemen eta beraz, lasterketa ere polita izango da». Baina, antolakuntzak «lan handia» suposatzen du. «Ordu asko» sartu behar izan dituzte probarako mapak osatzen, baina «entrenamendu» moduan hartu dute. Horrez gain, laguntzaileen bila eta ibili behar izan dute, baina «erantzun ona» jaso dutela diote, «laguntza handia» jaso dute. Horregatik, «eskerrak» eman nahi dizkiete guztiei. Egunean bertan ere 30-40 pertsona inguru beharko dituzte antolakuntza lanetan laguntzeko.

Parte hartzera animatzen ez den jendeak, baina probak interesa pizten dionak lehen etapa Ibarran izango denez parte hartzaileak ikusteko aukera izango du, Garmendiaren esanetan «lasterketaren irteera ikustea polita izaten da, ardi galduak bezala bikote bakoitza noraezean ateratzen baita».

Halaber egunean bertan antolatzaileei galdetuz gero, trantsizioak non diren eta zein puntutara joan daitezkeen ere azalduko diete.

I. IBARRALDEA ABENTURA RAIDA

Eguna. Uztailak 2, larunbata.

Irteera. 10:00etan, Ibarrako plazan.

Iraupena. 7 ordu.

Parte hartzea. Bikotea: emakumezkoak, gizonezkoak eta mistoak.

Izen ematea. Ekainaren 28ra arte, ibarraldea.blogspot.com orrialdean.

Prezioa. Ekainaren 21ra bitarte, 55 euro bikoteko. Ekainaren 22tik 28ra 65 euro bikoteko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!